Aurreikusita zegoen moduan, 2020ko aurrekontu proiektua onartu egin dute gaur gobernu bileran; ondoren, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun sailburuak aurrekontuen proiektua entregatu dio Unai Hualde parlamentuko buruari.
Parlamentuko presidenteak agerraldia egin du hedabideen aurrean tramitazio egutegia finkatu ondoren, eta esan du "desiragarria" litzatekeela Nafarroak aurrekontuak izatea, kontuek duten "garrantziagatik", eta nabarmendu du "funtsezkoa" dela eztabaida eta elkarrizketa egotea tramitazioan.
Hemendik aurrera han, parlamentuan, egin beharko dute bidea aurrekontuek. Lehenik, zuzenketetarako tartea zabalduko dute; hilaren 22ra arte aurkeztu ahal izango dituzte osoko zuzenketak, eta partzialak, berriz, 28ra arte. Ondoren, otsaileko 10etik 18ra zuzenketa partzialak eztabaidatuko dituzte, eta, azkenik, behin betiko eztabaida, urtarrilaren 27rako dago aurreikusita. Aurrekontua 4.557 milioikoa da, 2019koa baino %5,7 handiagoa, eta gizarte politikek garrantzi nabarmena hartu dute.
Aurrekontuak aurrera ateratzeko, halere, oposizioaren babesa beharko du gobernuak, Navarra Sumarena edo EH Bildurena. Horretaz galdetuta, siglei ez dietela begiratuko adierazi du Remirezek, eta "oposizioko talde guztiei" luzatuko diela eskua.