Gogoratuko denez, biktimak abenduaren 6an aurkeztutako salaketaren ondoren, Foruzaingoak zazpi pertsona atxilotu zituen, eta horietatik hiruk behin-behineko espetxeratzean jarraitzen dute eta beste bi aske dira, kautelazko neurriekin.
Erabakia Nafarroako Berdintasunerako Institutuak proposatuta hartu da. Foru Exekutiboak akordioaren testuan adierazten duenez, “salatutako gertaerak oso larriak dira, biktimak jasandako indarkeriarengatik nahiz erasotzaileek elkarrekin parte hartzeagatik eta indarkeria fisikoa erabiltzeagatik, kopuru eta indar aldetik haien nagusitasunaz baliatuta”.
Ildo horretan, emakumeenganako indarkeriaren aurka egiteko, apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legeko 65. artikuluan esaten da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak prozedura penaletan pertsonatzea adostu ahal izango duela, emakumeen aurkako indarkeriaren kasurik larrienetan edo delitu-ekintzak horien heriotza eragiten duenean herri-ekintza gauzatzeko.
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Aholkularitza Juridikoaren Zerbitzua arduratuko da dagozkion jarduera prozesalak gauzatzeaz.
Biktimarekiko babesa eta elkartasuna
Kasuaren berri izan ondoren, Nafarroako Gobernuak komunikatua argitaratu zuen “gertatutako gertaerak erabat salatu eta baztertzeko eta biktimari eta haren familiari erabateko babesa emateko”. Halaber, honela gogoratu zuen: “emakumeenganako erasoak ez dira gertaera isolatuak, baizik eta emakumeenganako indarkeriaren testuinguruan kokatu behar dira, gure gizartean emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen eta isla basatiena bezala”.
Hori dela-eta, emakumeen aurka emakumeak izateagatik egiten den indarkeria-mota hori prebenitzeko biderik eraginkorrena politika publiko feministak direla eta emakumeen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta erabateko herritartasunaren aurka egiten diren indarkeria-modu guztiak desagerrarazteko lanean jarraitzeko erantzukizuna berresten duela adierazi zuen.
Horrez gain, eraso sexistak prebenitzeko konpromisoa agertu zuen, emakumeen aurkako indarkeria-egoera bakar bat ere egon ez dadin. Era berean, babesa eta elkartasuna adierazi zien noizbait eraso edo indarkeria matxistaren egoeraren bat bizi izan duten emakume guztiei.
.