Abenduaren 28an jakinarazi zuen gobernuak Nafarroako Zirkuitua aldi baterako kudeatuko zuela urtarrilaren 1etik aurrera. NICDO Nafarroako Kultura, Kirol eta Aisialdi Azpiegituren enpresa publikoak hartu du bere gain du Los Arcoseko azpiegituraren zuzeneko kudeaketa, egungo errentariak atzera egin eta beste enpresa batekin akordioa formalizatu arte. Ezkerraren galdera bati erantzunez, atzo, zirkuituaren inguruko datuak eman zituen Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak: 12,1 milioi euroko kreditua du ordaintzeko gobernuak. 2024ko maiatzera arteko epea dute. 2023ra arte 2,6 milioi ordainduko ditu eta 2024ean 1,6 milioi.
Los Arcosko zirkuitua hasieratik azaldu da diru publikoaren xahutzeari eta kudeaketa traketsari lotuta. Hasiera batean Samaniego Vianako eraikuntza enpresaren egitasmo pribatua izan zen. Baina ia osorik ordaindu du azpiegitura arlo publikoak. Irabazia kapital pribatuarentzat izan da; galera, berriz, zergadunentzat. Kontseilariak azaldu duenez, egun, diru sarrerak gastuak baino handiagoak dira. Azpiegitura aztertzeko kontu ikuskaritza bat eskatu du gobernuak.
Handituz joan zen aurrekontua
2007ko urtarrilean aurkeztu zion proiektua Samaniegok Los Arcosko UPNko alkate Jeronimo Gomezi. Sei milioi euroko aurrekontua izango zuen azpiegiturak hasiera batean. Alkateak Nafarroako Gobernura helarazi zuen proiektua, eta 2007ko maiatzean SPRIN sozietate publikoak akordioa izenpetu zuen Samaniegorekin. Circuito Los Arcos SL enpresaren partaidetzaren %45 erosiko zuen. Lau hilabeteren buruan, zirkuituaren hasierako aurrekontua 28 milioi eurora arte handitu zen. Finantzaketaren zati handiena SPRINek jarri zuen.
Lehiaketa publikorik egin gabe, Samaniegok hartu zuen bere gain azpiegituraren ordainketa. 2008ean hasi ziren obrak. Faktura, 62,2 milioikoa izan zen. Samaniegok ezin zion aurre egin fakturari, eta SPRINek enpresaren %95 bereganatu zuen. Obra finantzatzeko mailegua, Nafarroako Kutxak eman zuen. Nafarroako Gobernuak bermatutako 25 milioi euroko kreditua eman zion zirkuituaren enpresa kudeatzaileari. Nafarroako Kontuen Ganberak 2010ean egindako azterketa baten arabera, Samaniego enpresa izan da onuradun nagusia. 33,4 milio euro jaso zituen.
2013ko udazkenean gobernuak Los Arcos Motorsport enpresari adjudikatu zion zirkuituaren kudeaketa, eta bost urterako alokairu kontratua izenpetu zuen, bost urtean 1,3 milioi euro pagatzeko.