21 egun geratzen dira eskubide sozialen kartak deitua duen greba orokorrerako, eta gaur deialdia erregistratu dute Garapen Ekonomikorako departamentuan ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek.
24 orduko greba izango da hilaren 30ekoa, eta lan, bizitza eta pentsio duinak eskatzeko antolatu dute. Grebaren eskakizun nagusien artean daude, batetik, pentsioen arloan, pentsio sistema publikoaren defentsa, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa (Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kopuru horretaraino osa ditzatela pentsioak), eta sisteman ezarritako murrizketei atzera egitea —65 urteko erretiro adinaren berreskurapena, pentsioa murrizten duten neurriak indargabetzea eta pentsioen eros-ahalmena legez bermatzea—.
Bestalde, lan prekarioa amaiarazteko eta baldintza duinak lortzeko eskakizunen artean daude lanaldia 35 ordura jaistea, 20 orduko gutxieneko lanaldia, 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea, azpikontratetako enplegua eta lan baldintzak bermatzea eta soldata arrakala gainditzea.
Urratuta dauden eskubide sozialak aitortza ere eskatuko dute, esaterako alokairu sozialeko etxebizitza izateko eskubidea bermatzea, gizarte-zerbitzu sistema publiko, unibertsal eta doakoa ezartzea eta zaintza lanak duinak izango direla ziurtatzea eta bermatzea.
Azkenik, lan harreman eta gizarte babeseko bertoko sistemaren aitortza eskatuko dute, lan eta gizarte eskubideak gure lurralde eremuan erabaki daitezen.