Patxi Zabaleta: “1993an UPNk gurekin negoziatu zuen, eta akordioetara iristen saiatu zen”

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 8a, 11:23

Azken egunotako polemikaz mintzatu da Patxi Zabaleta Euskalerria Irratian. 1993an Herri Batasunako parlamentaria zelarik, bilerak eta negoziaketak egin zituen UPNrekin, “Batzuetan kameren aurrean eta bestetan modu diskretoan”. “Gurekin akordioa lortzen ez zirela saiatu esatea gezurra da” azaldu du Zabaletak.

Bai Nafarroan eta baita estatu mailan ere, negoziaketen inguruan piztu diren eztabaiden argudioetako bat izan da. Eskuinak alderdi sozialistari leporatu dio EH Bildurekin negoziatu eta akordioak lotu izana. Navarra Sumak “lotsagarria”, “terrorismoaren biktimendako iraingarria” edo ta “demokraziaren kontrako eraso” bezalako terminoak erabili ditu bilera hauek kritikatzeko. Diario de Noticias egunkariak salaketa hauei erantzun die hemerotekari erreparatuz. 1993an aurrekontu negoziaketak egin zituzten UPNk eta Herri Batasunak. “Garai gogorrak ziren” azaldu du Euskalerria Irratian Patxi Zabaletak, garaiko HBko parlamentariak ‘berunezko urte’ horiek gogoratuz, “Gutxiengoan zen UPN une horretan eta gure babesa behar zuen aurrekontuak aurrera ateratzeko, baina azkenean ez ginen konpondu”.

“Orain, UPNko kideek egiten ari diren moduan, negoziaketa horiek ukatzea gezurra esatea da” esan du Zabaletak. Zentzu horretan atzerakada nabarmena somatu du politikari ohiak eskuinako parlamentariengan, “Ea eskuinerago nor kokatzen den borrokan dabiltza” salatu du, “Borroka horretan UPNren nafarzaletasunak galdu egin du argi eta garbi, eskerrak badagoen Nafarroako interesak defendatuko duen beste indar politikorik”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!