Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazi dio Koldo Martinezi

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 7a, 13:35

Koldo Martinezen autoan egindako pintaketa

Jarrera eta eraso homofoboak salatu ditu, adierazpen insituzional batean.

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Ganberak berretsi egiten baitu LGTBI kolektiboari babesa ematen diola, jokabide homofoboak arbuiatzen dituela eta Koldo Martinez senatari autonomikoari elkartasuna adierazten diola.

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk onartu dute testua, eta erakundeak LGTBI+ kolektiboari ematen dion babesa eta "LGTBI+ pertsonek jasaten dituzten diskriminazio anitzak desagerrarazteko" lanean jarraitzeko konpromisoa jasotzen ditu.

Ildo horretan, konpromisoa hartzen du "pertsona guztien berdintasun erreal eta eraginkorraren alde aurrera egiten jarraitzeko neurriak abian jartzeko, pertsona horien sexu-orientazioa eta sexu- edo genero-identitatea edozein izanda ere".

Bigarren puntuan, "Jokabide eta portaera homofoboak erabat arbuiatzen" dituela adierazi du, eta jokabide horiek "onartezinak" direla eta "sentsibilizazioaren eta kontzientziazioaren bidean aurrera egiteko asko dagoela erakusten dutela".

Azkenik, parlamentuak elkartasuna adierazi dio Koldo Martinez senatari autonomikoari, berriki jasan duen eraso homofoboaren aurrean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!