Plazaolako Bide Berdea, Europako jasangarritasun-proiektu baterako aukeratua

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 27a, 07:46

Teknologia eta esperientziak partekatzeko aukera emango duen sei bidexka pilotuetako bat da.

Plazaolako trenbide zaharra TrailGazersbiD programa europarreko sei bidezidor pilotuetako bat izateko hautatu dute, eta datozen hiru urteetan, elkartutako hamar eskualdeei, tartean Nafarroari, teknologia eta esperientziak partekatzeko aukera emango die, naturguneen eta horien populazioen iraunkortasunerantz aurrera egiteko.

Plazaolako proiektua da proiektuen artean luzeena, guztira 63 kilometro ditu, eta Lursarea agentzia nafarrak zuzentzen du, Esplorazio Sarearekin harreman estuan, Nasuvinsa sozietate publikoak ohar batean jakinarazi duenez. Irlanda, Portugal, Erresuma Batua edo Frantziakoak dira gainontzeko bidezidorrak.

Proiektuak "azpiegituretako eta egokitzapeneko inbertsioen itzulera sozioekonomikoa neurtzea" ahalbidetuko du, "eraginkortasun handiagoko irizpideak zehazteko", eta, gainera, "naturgune horien erabileran hobekuntzak esploratzea, teknologia berriak erabiliz", hala nola sare sozialak.

Azterketatik ateratako ondorioek lagunduko dute Foru Erkidegoko "naturguneetako aisialdi eskaintzaren kalitatea handitzen", "bisitarien kopurua handitzen" eta eskualdeko "aktibo natural eta kulturalak babesteko kudeaketa planak garatzen", baita zonaldean inbertsioak sustatzen ere.

TrailGazersBID Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren bidez finantzatzen da, eta 2,5 milioi euroko aurrekontua du hori gauzatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!