Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak eta Medikuen Sindikatuak (NMS) lehen akordioa sinatu dute, batetik, mediku-taldearen egoera eta lan-baldintzak eta baldintza profesionalak nahiz gure Komunitateko osasun-arreta hobetu ahal izateko, eta, bestetik, “gatazka-dinamika gainditu eta elkarrizketa, negoziazio eta itunari bidea egiteko oinarriak finkatzeko, osasun-sistemarentzat eta Nafarroako herritarren zerbitzuarentzat aurrerapenak ekartze aldera”, adierazi du Osasun kontseilari Santos Indurainek.
Hasierako akordio hori medikuek ostiraletan egindako batzarren bidez berretsi da eta orain formalki sinatu da. Akordio hori lortzeko, negoziazio eta kontaktu ugari egin dira, NMSk proposaturiko neurrien eta Osasun Departamentuaren premien eta lehentasunen artean batzeko puntuak lortzeko. Akordioaren bitartez, hobekuntzak lortu dira antolamenduaren nahiz maila ekonomikoaren aldetik, eta lehen urratsa da urte berriko lehen seihilekoan negoziatu eta adostu beharreko gai garrantzitsuei (ordainsariak, estaldura zaileko plazak,…) buruzko negoziazio berriei aurre egiteko.
Osasun kontseilaria “oso gustura” agertu da, eta esan du garrantzitsua dela egoera hori desblokeatzea lortzea, agintaldian zehar zuzendaritza-taldearekin bultzatu nahi duten profesionalen politika estrategikoari begira, Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidea berritzeko eta eguneratzeko eta datozen urteetan profesionalen faltaren testuinguru oso "desafiatzaileari" aurre egiteko. Akordioa sinatuta, lanerako fase berria ireki da, eta, modu horretan, neurriak abian jarriko dira urtearen hasieratik aurrera, bigarren akordioa negoziatu eta adostuko da urtearen lehen hiruhilekoan eta gatazkari amaiera emateko akordioa lortzen ahaleginduko dira uda aurretik.