Zerga neurri berriak onartu ditu parlamentuak

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 19a, 14:13

Alzorriz parlamentari sozialista, gaurko bilkuran.

Parlamentuko Osoko Bilkurak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko Foru Legea onetsi du gaur, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Navarra Suma, EH Bildu eta I-Eren abstentzioekin.

Lege horrek hein batean aldatzen ditu arau hauek: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina, ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuak onetsia; azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legea, ondarearen gaineko zergari buruzkoa; abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legea, sozietateen gaineko zergari buruzkoa; Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren testu bategina; Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren testu bategina, abenduaren 16ko 250/2002 Legegintzako Foru Dekretuak arautua; abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorra, tributuei buruzkoa; Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea arautzen duen Foru Legea; Kooperatiben Zerga Araubidea arautzen duen Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen Foru Legea; Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko Foru Legea; eta martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Nafarroako toki ogasunei buruzkoa.

“Zerga arloan ekitatea hobetu eta zerga iruzurraren kontra egin nahian” jaso diren neurri horiek PFEZaren 2019ko atxikipenetan eta 2020ko aitorpenetan sortuko dituzte ondorioak. Helburua da “ahalmen ekonomikoa sendotzea, zerga betebeharren banaketa egiteko benetako neurria baita”.

Lege proiektuaren lehen artikuluak pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga (PFEZ) aldatzen du. Likidazio oinarri orokorrari aplikatu beharreko % 2ko deflaktazioa planteatzen du, “zergadunen eros-ahalmenaren igoerarekin bat ez datorren karga fiskala arintzeko”. Alegia, “inflazioaren ondorio den errenta igoerak, eros-ahalmena handitzen ez duen horrek, tributazioaren igoera eragin dezan” saihestu nahi da.

Batzordean egindako eztabaidan berrikuntza batzuk erantsi zaizkio proiektuari. Besteak beste, proiektuan jasotako salbuespen orokorraren ordez 30.000 euroko muga ezarri da (errenta salbuetsiak kontuan hartu gabe) administrazio publikoek (foru administrazioek zein gainerakoek) birgaitze babestuko obretarako emandako dirulaguntzak tributaziotik salbuesteko. Irizpide “birbanatzaile” bati erantzuten dio, zeren “salbuespenak modu desberdin eta progresiboan eragiten baitie errenta tarteei eta horrela errenta handienek askoz onura gehiago izatea eragozten baita”.

Bestalde, atzerriratutako langileen lan-etekinen salbuespena bikoiztu eta 60.000 eurora igo da, Nafarroako enpresen nazioartekotzea errazteko. Horrela, Espainian dagoen muga orokorra berreskuratuko da.

Lehengo egoeraren ordez, bereziki zaila izan baita enpresa txikientzat, honako hau xedatzen da: enpresek soldatak ordaintzen dituztenean beren langileek partaidetzak eros ditzaten, soldata horiek, 20.000 euroko mugaraino, zerga ordaindu beharretik salbuetsiko dira, langileek berehala erabiltzen baldin badituzte lan egiten duten enpresaren edo taldearen akzioak edo partaidetzak erosteko. Navarra Sumaren zuzenketak aurrera egin du.

Horrez gain, enpresek gizarte aurreikuspeneko sistemei egiten dizkieten ekarpenen muga propio eta bereizia —urtean 3.500 euro— zentzu guztietan aplikatuko da, gaur egun ekarpenetarako ezarrita dagoen gehieneko mugari gehituta. Enpresak mendekotasun aseguru kolektiboei ordaindutako primen muga propioa ere arautzen da. Dagoeneko gisa horretan aplikatzen ari zen muga hori.

Energia berriztagarriko instalazioetan, ibilgailu elektriko edo hibrido entxufagarrietan eta karga sistemetan egindako inbertsioengatiko kenkariei dagokienez, % 25eko muga gainditzeagatik edo kuota aski ez izateagatik ekitaldian aplikatu gabe gelditzen diren kenkariak hurrengo lau ekitaldietan aplikatu ahalko dira.

Etxebizitzen alokairuaren alorrean, urte bat igoko da, 30etik 31ra, emantzipaziorako EmanZipa errentamendu programara bildu ahal izateko adina. Onetsitako eskaeretatik % 16 inguru 1990ean jaiotako pertsonek aurkeztu dituzte, eta onuradun izateari utziko liokete bestela. Gainera, etxebizitza babestuaren eskatzaileen erroldan onartuko dira, urtebeteko edo gehiagoko antzinatasuna duten inskribatuen baldintza berberetan, Administrazioak ikus-onetsitako kontratuarekin etxebizitza babestua errentan hartua dutenak ere, era berean urtebeteko edo gehiagoko antzinatasuna baldin badute.

Etxebizitza Eskuratzeko Kenkarien Programa (DAVID) dela eta, 2020tik aurrera betekizun orokor hau baino ez da izanen: erroldan gutxienez urtebete lehenagotik inskribatua egotea (orain bi urte dira), betiere urte natural bakoitzeko urtarrilaren 1a erreferentzia hartuta. Programa horretan ohiko etxebizitzaren errenta ordaintzen laguntzeko prestazioa ematen zaie zenbateko jakin batetik beherako diru sarrerak dituzten familiei, kideen kopurua kontuan harturik. Zenbateko hori Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasuna (ERREGEROSNA) indizea halako 1,7 da.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legea aldatzeko proposamena proiektuaren 3. artikuluan dago, eta hor kontuan hartzen da babesletzako jarduerek eragindako publizitate gastuengatiko kenkariaren arauketa.

Esparru horretan, ezin izanen da kenkaririk aplikatu babesletza kontratuak jokoaren, apustuen edo joko operadoreen publizitatea egiten badu. Kontzeptu horiek interpretatzeko, Jokoa arautzen duen maiatzaren 27ko 13/2011 Legean ezarritakoari eutsiko zaio. Jokoan eta apustuetan aritzera bultzatzen duen publizitate mota horretarako pizgarri fiskalik ez ematea da helburua.

Berreskuratu egin dira zinemako ekoizpenetan eta ikus-entzunezko serieetan egindako inbertsioengatiko kenkaria aplikatzeko betebehar formalak, 30/2018 Foru Legeak ezarritakoak, “haiek mantentzea guztiz zentzuzkoa” delakoan. Betebehar hauek dira, besteak beste: filmaketako eta lokalizazioetako material grafiko eta ikus-entzunezkoa sustapenerako erabiltzeko aukera ematea, eta bukaerako kreditu-tituluetan Nafarroako Gobernuaren eta Navarra Film Commission erakundearen logoak txertatzea.

Sozietateen gaineko zergaren bidezko diru-bilketa suspertu nahian, likidazio oinarri negatiboen murrizketaren muga berriak ezarri dira 2020ko eta 2021eko zergaldietarako. Hala, negozio zifra 20 milioi edo gehiagokoa eta 60 baino gutxiagokoa duten zergadunek % 50eko muga aplikatuko dute, eta negozio zifra 60 milioi edo gehiagokoa dutenek, berriz, % 25ekoa. Bi kasuetan lehengo muga % 70ekoa zen.

Beste arlo batean, EBko herrialde nagusien ildoari jarraituz arautzen da arrisku-kapitaleko sozietate edo funtsetatik zuzenean edo zeharka datozen eskubide ekonomikoak gauzatzeagatiko tributazioa; esaterako, edozein motatako entitate baten funts berekietan partaidetza izateagatik lortutako kapital higigarriaren etekinena.

Carried interest delakoa, PFEZaren ondorioetarako, kapital higigarriaren etekin gisa kalifikatzen denez gero, halako ordainsariak funts propiotzat hartuko direla argitzen da, albora utzita nola kontabilizatzen diren. Beraz, ez dira izanen sozietateen gaineko zergan kenkaria izan dezaketen gastuak.

Esparru berean, carried interest delakoa (funts baten kudeatzaileek partaidetza izatea funts horrek egiten dituen eragiketetatik sortzen diren gainbalioetan, partikular moduan egin dituzten inbertsioengatik dagokien zenbatekoaz harago), tributazioari dagokionez, arrisku-kapitaleko entitateetako partaidetzen eskualdaketan lortutako errenten eta dibidenduen parekotzat jotzen da.

Gainera, lege proiektuak onura fiskalak ezartzen ditu enpresa arloko I+G+b unitateentzat. Unitate horiek ikerketaren eta garapenaren aurrerabidean laguntzen ahal duten eragileetakoak direla adierazten da. Bide batez, “berrikuntza eta teknologia zentroak” aipamenaren ordez “zentro teknologikoak” jarri da.

I+G+b proiektuetan parte hartzeari dagokionez, baiespenez erabaki da malguago jokatzea kontu honetan: loturarik gabeko hirugarren batekin zein unetan egin behar den proiektua finantzatzeko kontratua, garatzaileak proiektuari dagokion kenkaria laga ahal izan dezan. Orain arte, proiektua garatzen hasten zen zergaldian egin behar zen kontratu hori, baina urtarriletik aurrera proiektua amaitu bitarteko edozein zergalditan sinatu ahalko da.

Gisa berean jokatuko da zinema eta ikus-entzunezkoen ekoizleekin, loturarik gabeko hirugarren batekin finantzaketa-kontratua egin eta kenkaria lagatzeari dagokionez. Horrela, produkzioak partaidetzaren bitartez finantza daitezela sustatu nahi da.

Enplegua sortzeagatiko kenkariei dagokienez, lanbide arteko gutxieneko soldataren aipamenaren ordez zenbateko finko bat ezartzen da, eta lansari egoki baten adierazgarri den zenbatekoa une oro finkatzen saiatzeko arreta neurri batzuk ezartzen dira, kenkaria kalitatezko enplegua sortzeko pizgarri izan dadin.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorra proiektuaren seigarren artikuluan jorratzen da, eta aitorpen-likidazioetan edo autolikidazioetan eragina duen neurri bat jasotzen da bertan. Arau aldaketa horrek ekarriko du, alde batetik, aitorpen-likidazioak edo autolikidazioak epez kanpo aurkezteagatik ezartzen diren errekarguak txikiagoak izatea baldin eta aurkezteko eta sarrera egiteko borondatezko epea bukatu ondoko hilabetearen barnean aurkezten badira. Horrela, edozein arrazoirengatik aitorpena epean aurkezterik izan ez dutenek pizgarria izanen dute lehenbailehen aurkezteko, hiru hilabete iragan arte itxaron gabe.

Gainera, gure inguruko legerien ildotik, ehuneko 20tik ehuneko 15era jaitsi da aitorpen-likidazioak edo autolikidazioak 12 hilabete iragan ondoren aurkezteagatik ezartzen den errekargua.

Azkenik, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren arlotik irten gabe, legeak arautzen du zein kasutan lagatzen ahal zaizkien hirugarrenei zerga arloko datuak. Ildo horretan, tributuen arloan eskumena duen departamentuaren aipamena kendu da, Kontuen Ganberari, bere esku dituen fiskalizazio eginkizun guztiak bete ditzan, datuak lagatzeko aukera zabaltzeko xedez.

Zordun berankorren zerrendan sartzeko proposamena zordunari jakinarazteak zorren preskripzioa eteteko kontua ezabatu da, halako moduan non aurrerantzean diru-bilketaren arduradunen irizpideak erabakiko baitu zorrak preskribatuko duen ala ez.

Esparru horretan, tributu-zorra geroratzeko edo zatikatzeko 2017an, 2018an eta 2019an indarrean izandako eskaerei aplikatu beharreko neurri berariazkoak 2020. urterako luzatzen dira.

Nazioz gaindiko erakunde nagusiek, EBk eta Zerga Administrazioko Espainiako Agentziak egindako gomendioei jarraituz, mugaz haraindiko plangintza fiskalerako zenbait mekanismori buruz informazioa emateko betebeharra (600 euroko isun finkoa) eta horiek aitortzekoa ezartzen da. Helburua da “iruzur eta saiheste fiskalaren kontra egitea eta plangintza fiskal oldarkorrerako asmoa kentzea”. Hori dela eta, hau xedatzen da: mugaz haraindiko mekanismo bat aitortzeko betebeharra 2018ko ekainaren 25etik 2020ko ekainaren 30era bitartean sortua bada, 2020ko uztailean edo abuztuan aitortu beharko da mekanismo hori.

Jokoaren gaineko tributuei dagokienez, % 20ko karga ezarri da apustuetarako, edozein bitarteko erabiltzen dela ere.

Saltoki handiei dagokienez, produktuak saltzeko eta erakusteko azalera erabilgarria kalkulatzeko modua aldatu da (azalera horren arabera zehazten da haiek kargatzen dituen zergaren zerga-oinarria). Horretarako, lokalak lotzen dituzten korridoreak eta iraganguneak ez direla kontuan hartuko argitzen da. Merkataritzako eta ostalaritzako jarduerak soilik zergapetze aldera, kalkuluan ez da kontuan hartuko aisiako eta ikuskizunetako lokalek hartzen duten azalera.

Azkenik, ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legearen 1. artikuluan Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei buruz ezartzen diren presako neurriak 2020. urterako luzatu dira. Horrenbestez, funtzionario guztien nahitaezko erretiroaren adinak 65 urte izaten jarraituko du. Hala ere, zerbitzuaren premiak edota profesionalen gabezia direla eta, Osasun Departamentuak langile jakin batzuen zerbitzu aktiboa luzatu ahal izanen du.

Osoko bilkuran hiru in voce zuzenketa eztabaidatu eta onetsi dira, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek sinatuak. Horietako bi teknikoak dira, eta hirugarrenak Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko 14/2018 Foru Legea Europako zuzentarau bati egokitzea du helburu: 2019ko ekainaren 5eko 2019/904 Zuzentaraua, plastikozko zenbait produktuk ingurumenean duten eragina murrizteari buruzkoa.

Zuzentarau hori uztailaren 3tik dago indarrean, eta estatu kideei bi urteko epea ezartzen die transposizioa egiteko, hau da, zuzentaraua betetzeko beharrezkoak diren lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak onesteko. Epea 2021eko uztailaren 3an amaituko da. Aurreikuspen horiek, azpimarratzen denez, ez dituzte apaltzen Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planean jasotako helburuak eta helmugak, batez ere prebentzioaren atalean.

Zuzentaraua aplikatu behar zaie erabili eta botatzeko plastikozko produktuen multzo bati, plastiko oxodegradagarriz fabrikatutako produktuei eta plastikoa duten arrantza-aparailuei. Zehazki, berariazko epeak ezartzen dira honako neurri hauek aplikatzeko:

Plastiko oxodegradagarriz produktuak fabrikatzeko eta halakoak merkaturatzeko debekua, 2021eko uztailaren 3tik aurrera; plastikozko edari-ontziek bete beharreko baldintzak (estalkiak eta tapoiak lotuta egotea), 2024ko uztailaren 3tik aurrera; konpresa eta tanpoi higienikoei, tanpoi-aplikagailuei, paper-zapi bustiei, tabako-produktu iragazkidunei, tabako-produktuekin batera erabiltzeko merkaturatutako iragazkiei eta edalontziei jarri beharreko markaren baldintzak, 2021eko uztailaren 3tik aurrera; eta erabili eta botatzeko plastikozko produktuei dagokienez ekoizlearen erantzukizun hedatua ezartzeko berariazko epeak, beranduenez 2024ko abenduaren 31n amaituko direnak. Lehendik dauden araubideak eta plastikozko iragazkia duten tabako-produktuenak SUP Zuzentarauaren baldintzetara egokitu beharko dira 2023ko urtarrilaren 5erako, beranduen jota.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!