Amatasun kenkariak onartu ditu parlamentuak

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 19a, 14:06

Nafarroako parlamentua, artxiboko irudi batean

2015etik 2018ra bitarteko amatasun eta aitatasun prestazioen kenkari fiskalak arautzen dituen foru legea onetsi da

Parlamentuko Osoko Bilkurak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga hein batean aldatzen duen Foru Legea onetsi du gaur, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin. Lege honen artikulu bakarrean planteatzen da 2015etik 2018ra bitartean jasotako amatasun eta aitatasun prestazioengatik kenkari berri bat aplikatzea 2020an bakarrik.

Navarra Sumak aurrera egin ez zuen planteamendu bat egin zuen, amatasun eta aitatasun prestazioak salbuestea, kasu honetan “2020ko urtarrilaren 1etik aurrera”. Etorkizunerako salbuespen bat ezartzea defendatzen zuen, “aurreko aldietarako ematen den konponbidea izanda ere 2020rako berariazko kenkari bat”.

Salbuespena bazterturik, 2015etik 2018ra bitartean jasotako amatasun eta aitatasun prestazioengatiko kenkaria zergaren kuota diferentzialaren gainean aplikatuko da, lege proiektuan jasotzen den bezala.

Beraz, diru sarreren arabera, errekargua oso-osorik itzul daiteke, PFEZaren 2020ko kuota diferentziala zero edo negatiboa den kasuetan, edo bestela zati bat itzul daiteke.

Nolanahi ere, subjektu pasiboek jasotako prestazioei % 25eko ehunekoa aplikatuko zaie eta emaitza hori izanen da kenkaria, baldin eta subjektu pasibo horien errentak, salbuetsiak barne, 30.000 euro baino handiagoak ez badira. Ehuneko hori murrizten joanen da subjektu pasiboaren errentak handitu ahala eta zero izanen da errentak 105.000 euro baino goragokoak badira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!