Gizarte Segurantza Glovoko Nafarroako langileen alta tramitatzen ari da

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 19a, 12:19

LAB sindikatuak jarritako salaketaren ondorioa da. 'Autonomo faltsuen' izaerapean lan egiten dute Nafarroan Glovok dituen 100 mezulariek. Gizarte Segurantzak enpresako langile moduan alta emateko prozedura zabaldu du. Glovok helegitea aurkeztuko du.

Pasa den irailean jarri zuen LAB sindikatuak salaketa lan ikuskaritzaren aurrean eta bide berdina egin zuen langileetako batek justiziaren aurrean. Hiru hilabete pasata, ematen du arrazoia eman dietela. LAB sindikatuak jakin duenez, iragan astelehenetik, abenduak 16, Glovo enpresak Nafarroan erabiltzen dituen langileak Gizarte Segurantzatik SMS bat jasotzen ari dira. Mezu horretan esaten diete GlovoApp enpresan alta emateko izapideak egin dizkietela eta horrek atzeraeragina duela enpresan lanean hasi zirenetik. 

"Lehendabiziko garaipena bat da" azaldu du Euskalerria Irratian Berta García, LAB sindikatuko  zerbitzu pribatuen federazioko arduradunak, "Beren egoera egonkortzearekin, heldu ahalko diogu lan baldintza duinen borrokari". Izan ere, ezin da ahaztu Glovo eta antzeko enpresetako langileen egoera: ia eskubiderik gabe, ordutegi finkorik gabe, oporraldirik gabe eta enpresaren beharren eta esanen menpe beti lan egitera behartuak. LAB sindikatuaren hurrengo urratsa izango da Glovoko langileekin harremanetan jartzea, hala nahi badute, haien egungo egoerari buruzko informazioa emateko eta hemendik aurrera izango dituzten egoerak azaltzeko. Azkenik, LABek berretsi nahi du enpresen uberizazioaren eta autonomo faltsuen aurkako borroka egiten jarraituko duela.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!