Nafarroako 15 ikastolen lan hitzarmena sinatu dute

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 12a, 13:05

Lan hitzarmena sinatzeko unea (Argazkia: Nafarroako Ikastolen Elkartea)

Nafarroako ikastolek hitzarmen kolektibo berria sinatu dute. Herrialdeko 15 ikastetxeri eragiten die. Hamaboston artean, 732 profesional eta 6.361 ikasle dituzte. Aurreakordioan adostutako puntuak jasotzeaz gain, atal nagusiak eguneratu eta berritu dituzte.

Nafarroako Ikastolen Federazioan egindako negoziazio mahaiaren azken bileran izenpetu dute hitzarmena erakunde horretako eta LAB sindikatuko ordezkariek. Sindikatu horrek gehiengo sindikala dauka.

Bertan, federazioak jakinarazi duenez, maiatzean sinatutako aurreakordioan adostutako puntuak jasotzeaz gain, atal nagusiak eguneratu eta berritu dituzte.

Zehazten duenez, profesionalentzako hobekuntzak jasotzen dira, eta berdintasun planak bultzatuko dira ikastola guztietan.

Era berean, jaiotza-tasa jaisteagatik ikastoletan gelak itxi behar badira, horiek, orain arte bezala, lanpostuak errespetatzeko borondate irmoa dute, eta lan-batzorde bat sortzea aurreikusi da helburu horrekin, hitzarmen honen barruan.

Ikastolen Federazioak nabarmendu du bi aldeek hitzarmen hori adosteko erakutsi duten borondatea, luzea izan den prozesu batean; izan ere, ia urtebete behar izan zen aurreakordioa sinatzeko, eta beste sei hilabete testu berriaren idazketa adosteko.

Nafarroako ikastolentzat sinatu zuten azken hitzarmena 2008-2010erako izan zen; beraz, bederatzi urte igaro dira ikastolek Hitzarmen Kolektibo berria izan dezaten, eta, beraz, balio berezia du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!