'Ttap' aldizkariak jaso du Rikardo Arregi komunikazio saria

Euskalerria Irratia 2019ko abe. 2a, 08:39

Euskalerria Irratia dago aldizkari digitalaren sortzaileen artean. Kanaldude telebistari eman diote kazetaritza arloko saria, eta Iñaki Elorza 'Txapas' azpeitiarrak Ohorezko Aipamena jaso du.

Rikardo Arregi komunikazio sariaren zati bat bai heldu da eskualdeara. Ttap aldizkari digitalari eman diote saria, eta Ttapen sortzaileen artean dago Euskalerria irratia. Kazetaritza saria, berriz, Nafarroa Beheko Kanaldude telebistak irabazi du, Hurbiletik saioarekin. 9.000 euroko saria jasoko dute bi saridunek.

Ttap: toki komunikabideen bateragune

Ttap aldizkari digitala Iruñerriko Euskalerria Irratia, Durangaldeko Anboto, Zumaiako Baleike, Debagoienako Goiena eta TOKIKOM toki komunikabideen bateragunearen ekimenez argitaratzen da, Bartzelonako Esguard aldizkariarekin elkarlanean. Aldizkaria %100 digitala da, eta Android zein iOS sistema eragilea duten gailuetatik eskuratu daiteke, doako Ttap aplikazioa deskargatuta.

Ttap aldizkari digitalak edizio berria estreinatu zuen maiatzean Nafarroan. Hamabostean behin kaleratzen da. Eta beste edizioetan bezala, bertako kolaboratzaile eta iritzi emaileek hartuko dute protagonismoa. Besteak beste, Anabel Arraiza, Angel Erro, Mikel Idoate, Santi Leone, Oskia Ugarte, Garazi Arrula eta Aingeru Epalzaren sinadurak presente daude aldizkari digitalean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!