Nafarroako gazteen %25,8 euskaldunak dira

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 27a, 10:55

16 eta 24 urte bitarteko gazteen% 25,8 euskaldunak dira Nafarroan, eta kopuru hori goranzko joera argian dago. Hala azaldu zuen Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako sailburuak prentsaurreko batean, eta gaineratu zuen euskara "hizkuntza bizia" dela.

Euskal hiztunen ehuneko handiena 35 urtetik beherakoen artean dago, batez ere 16-24 urte bitartekoen artean, Nafarroako Foru Erkidegoko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren datuen arabera. Gaur egun, euskal hiztuna da 16 eta 24 urte bitarteko nafar gazteen % 25,8 eta 25 eta 34 urte bitarteko gazteen% 18,8.

Euskaldunen proportzioak behera egiten du adinak aurrera egin ahala. Hala, euskaldunen talderik txikiena 65 urte edo gehiagoko biztanleen artean dago (% 8,3). Elebidunen ehunekoa Nafarroako batez bestekoa baino txikiagoa da 35 urte edo gehiagoko talde guztietan (%9 eta %10 artean). Azken 25 urteetako bilakaera aztertuz gero, elebidunen kopuruan gorakada gertatzen ari da gazteenen artean. Bestalde, 1991n 16-24 urteko gazteen% 10 euskalduna zen bitartean, gaur egun ehunekoa ia 16 puntu handiagoa da (% 25,8). Era berean, 25-34 urteko biztanleen artean ere igoera handia gertatu da euskaldunen ehunekoan (1991n% 7koa zen, eta 2016an% 18,8koa). Gainerako adin taldeetan ez da ehuneko aldaketa handirik gertatu, puntu bateko edo biko aldaketekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!