NUPeko hamazazpi ikaslek hartuko dute parte adingabeak laguntzeko 'Urretxindorra' programan

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 26a, 17:16

Iruñeko hiru ikastetxe publiko hauetako ikasle batzuen mentore izango dira: Bernart Etxepare, García Galdeano eta Vázquez de Mella.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hamazazpi ikaslek eta Lehen Hezkuntzako 6. ikasmailako beste hainbeste haurrek, hots, García Galdeano, Vázquez de Mella (gaztelaniaz ikasten ari dira) eta Bernart Etxepare (ikasketak euskaraz egiten dituzte) ikastetxe publikoetakoek, hartuko dute parte Unibertsitateak sustatutako Urretxindorra proiektuan. Programa horren bidez, Unibertsitateko ikasleak adingabe horien mentore bilakatu dira, eta haiekin zenbait jolas eta kultura jarduera egingo dituzte eskola orduetatik kanpo. Modu horretan, aukera izango dute kultura eta gizarte topaketarako eta norberaren ikaskuntzarako espazioei bide emateko, umeei laguntza eskaintzeko eta beren burua eredu positibo gisa aurkezteko.

Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak bultzatzen du programa, NUPen Plan Estrategikoan jasota dauden erantzukizun sozialeko jardueren barruan. Horrez gain, Unibertsitateko Herritarrei, Bizikidetzari eta Pluralismoari buruzko UNESCO Katedrak laguntza ematen du, ikasle mentoreak prestatzeko eta mentoretza sozialari buruzko gogoetaguneak sortzeko. Aurtengoa bederatzigarren edizioa da; hortaz, programa hasi zenetik, 110 mentorek hartu dute parte, eta beste horrenbeste adingabek eta hamarren bat ikastetxek atera dute onura ekimen horretatik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!