Dena esana dago goiburua aukeratu du aurten Nafarroako Indarkeria Sexistaren Aurkako Plataformak martxarako, oraindik esateko “asko” duten arren, urteak daramatzatelako antzeko aldarrikapenak egiten, baina hor dirauelako indarkeria matxistak. Horren aurka ekintzetara jauzi egiteko unea dela alarrikatu dute mobilizazioan: “Gu hiltzeari eta erasotzeari uztea eta askatasunean bizitzea nahi dugu, inolako beldurrik gabe, eta lanean jarraituko dugu, eragile sozial, politiko eta instituzional bakoitzari interpelazioa eginez, indarkeria matxista desagerrarazteko neuri eraginkorrak lantzen has daitezen”.
Politikarien hipokresia, beldurrean eta zigorrean oinarritutako sistema judizial patriarkala eta emakumea zalantzan jartzen eta biktimizatzen duten komunikabideak salatu, eta indarkeria matxista desagerrarazteko neurriak eskatu dituzte. “Haserre gaude, oso haserre; nazkatuta, komunikabideetako politikariekin, epaileekin, eta oro har, sistema judizialarekin, poliziarekin, erlijioarekin… Tratu txarrak ematen, zalantzan jartzen eta epaitzen gaituzten botere guztiekin. Nazkatuta gaude keinu ikaragarriez, hitz hutsalez, estatu itunez eta betetzen ez diren legeez”.