Yulan, Juan eta haien lau seme-alaba adingabeak kaleratu egin dituzte

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 25a, 10:28

Ekintzaileek atarian elkarretaratzea egiten zuten bitartean, garajetik, sototik sartu dira eraikinean, eta jarraian etxebizitzan, Polizia, idazkari judiziala eta sarrailagilea

Hipotekak Kalteturikoen Plataformak (PAH) utzi dien etxe batean igaroko dute gaurko gaua

PAHk deiturik, 50 lagun elkartu dira gaur goizeko 8:30ean, Lezkairuko Zalduko kaleko 21. atarian, Yulan, Juan eta haien lau seme-alaba adingabeen kaleratzea eragozteko. Alta, Polizia, idazkari judiziala eta sarrailagilea ez joan ataritik baizik eta eraikineko garajetik, sototik, eta hartara arazorik gabe sartu ahal izan dira etxebizitzan.

Horren berri izan dutelarik, 50 ekintzaileok eskaileretatik igo dira etxebizitzaren solairura, eta atearen aurrean eseri dira, giza harresia osatzeko. Tentsio handiko uneak izan dira. PAHk azkenean erabaki du etxe hustea gauzatua zenez protesta bertan behera uztea.

Atariaren parean batzarra egin dute, eta horretan PAHren eledun Begoña Alfarok iragarri du Yulan, Juan eta haien seme-alabei laguntza emanen dietela: “Ez ditugu kale gorrian utziko. Gobernuak ukatu dien etxea emanen diegu gaur denon artean, gobernua iritsi ez den lekura iritsiko gara herritar antoatuok”.

Yulan, Juan eta haien seme-alabak Errotabidea agentziak kudeaturiko etxebizitza batean bizi ziren. Errotabideak diruz lagunduriko alokairu publikoko etxebizitzak kudeatzen ditu. Yulanek eta Juanek ez diote alokairua ordaintzeari utzi. Errotabideatik esan diete "bizikidetza arazoak" direla kaleratzeko erabakiaren gibelean. PAHtik diote batere salaketarik ez dutela aurkeztu familia honen aurka bizikidetza arazoak direla kausa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!