Harrera beroa egin diote Iruñean II. Euskaraldiari

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 25a, 07:36

  • Iruñeko Zentral Kafe Antzokia bete egin zen larunbatean, II. Euskaraldiaren aurkezpen festan.
  • 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra belarriprest eta ahobiziak izango dira protagonista berriro ere, eta oraingoan mota guztietako entitateak gehituko zaizkie ariguneak sortuz
  • Gaurtik aurrera entitateek ariguneak sortu eta inskribatzeko aukera dute euskaraldia.eus webgunean

Iruñeko Zentral aretoan aurkeztu da gaur urtebete barru, 2020ko azaroaren 20an, hasiko den Euskaraldiaren bigarren edizioa. Hainbat erakundetako ordezkariek parte hartu duten ekitaldian, hurrengo Euskaraldiak izango dituen ezaugarri nagusiak aurkeztu dituzte antolatzaile eta sustatzaileek.

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 4ra egin zen lehen Euskaraldia. Edizio hartan izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak. Elkarlan eta lankidetza eredu berriak zabaltzeko ere balio izan zuen ekimenak eta euskararen erabilera errazten duten arau sozial berriak ere gizarteratu ziren ariketa sozialean zehar. Bigarren edizio honetan, ahobizi eta belarriprest herritarren ariketaz gain, taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango dute era guztietako entitateetako kideek. Horretarako Euskaraldian garrantzia berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu da: arigunea. Euskaraz aritzeko babesgune modura osatutako ariguneak izango dira ariketa sozialean taldean jarduteko aukera emango duten espazioak.

Iruñan egindako aurkezpenean azaldu da gaurtik aurrera entitateek Euskaraldian inskribatu eta ariketarako martxan jarriko dituzten ariguneen berri eman dezaketela. Izen-emate honekin irekitzen da mota guztietako entitateek Euskaraldiari begira lanketa egiten hasteko aldia.

Euskaraldia: gehiago, gehiagorekin, gehiagotan

Ekimenaren bigarren edizioaren leloa aurkezteko baliatu dute Euskaraldiaren bultzatzaileek gaurko ekitaldia. “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan” lelopean Euskaraldiaren bigarren edizioak hainbat berritasun izango dituela azpimarratu dute. Lehen edizioaren balorazioan aipatu modura, ibilbide luzeko ekimena izateko sortu zen Euskaraldia eta edizioz edizio urrats berriak ematea da helburua.

Irailean plazaratu zen Euskaraldiaren ikerketak (https://euskaraldia.eus/2018-ikerketa/) azaleratu zuen moduan, abiapuntu ona izan zuen ariketa sozial berritzaile honek, Euskaraldiak emaitza onak eman baitzituen; hala ere, eragina handitzeko gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan aritu behar dugula argi erakutsi zuen.

Garapen horri erantzunez Euskaraldiakegun gehiago izango ditu hurrengo edizioan: 15 egun izango ditu ariketak. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra hizkuntza-ohiturak astintzeko ariketa burutuko dute Euskal Herri osoko ahobizi eta belarriprest-ek.

2018ko ariketak banakako harremanak hartu zituen aintzat eta edizio berriak, aurrekoez gain, taldekako ariketak ere jasoko ditu. Banakako harreman pertsonaletan ezezik, talde eremuetan ere ariketa egiteko aukera izango dute 2020ko udazkenean herritarrek. Entitateetan Euskaraldian parte hartzeko aukera zabalduko da, beraz: lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, herrietako asanbladetan, kultur zein kirol taldeetan… aukera emango die ahobizi eta belarriprestei eremu berrietan inertziak apurtu eta hizkuntza ohitura berriak barneratzeko.

Edizio berriak, halaber, iazko dinamika zabaldu eta sakontzea du helburu. Ekimenera ahobizi eta belarriprest gehiago bildu eta rolak ongi lantzea, alegia. Hori horrela, ahobizi eta belarriprest figurak zer diren azaltzen jarraituko da: portaeran dago gakoa, eta ez euskaraz hitz egiteko gaitasunean.

Herritarrak ariketako partaide, entitateak ariguneen sustatzaile

Ariguneak eta entitateak aipatzen badira ere, belarriprest eta ahobiziak izango dira protagonista edizio honetan ere. Horrela, hurrengo urteko ariketan lehen edizioan erabili ziren txapak izango dira elementu garrantzitsu bat eta antolakuntzatik arreta berezia jarriko zaio ahobiziak eta belarriprestak ariketarako prestatzeari.

Ariguneak dituen entitateen kasuan, antolakuntzaren baitako kideen parte hartzea ahalbideratu eta sustatzea izango da entitatearen egiteko nagusia, baita arigune horiek babesteko neurriak hartzea ere. Horregatik azpimarratu da entitateak sustatzaile izatetik funtzio garrantzitsua duten eragileak izatera pasako direla bigarren edizioan.

Herri batzordeak martxan

Lehen Euskaraldian herri batzordeek garrantzi zentrala izan zuten Euskaraldia antolatzeko garaian, herriz herri eraiki baitzen ekimena. Oraintsu hasi berri den edizio honetan ere herri batzordeek garrantzia bera izango dute. Irailean ireki zen herrietako batzordeek izena emateko epea, eta egunez egun gehiago dira antolatzen hasi eta izena eman duten herriak; martxa onean doa izen-ematea.

Garrantzia handiko da herriz herriko batzordeetan herritarrek parte hartzea, eta mota askotako taldeak eta pertsonak biltzea Euskaraldiaren antolakuntza lanetan. 

Erakundeetako ordezkariak Iruñean egindako aurkezpenean

Nafarroako Gobernuko eta Euskaltzaleen Topaguneko ordezkariak elkarrizketatu dituzte Juan Kruz Lakasta eta Reyes Ilintxeta kazetariek, lehenik. Oskar Zapata, Euskaltzaleen Topaguneko Nafarroako koordinatzailea. Ondoren, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollo eta Euskarabideko zuzendari-kudeatzailea Mikel Arregi, eta bukatzeko Topaguneko lehendakaria Kike Amonarriz

Ondoko lerroetan ordezkari hauen hitzartzeen hainbat pasarte:

Oskar Zapata: “ Hizkuntza ohiturak aldatzeko Iraultza txiki bat eragin nahi dugu Euskaralduarekin noski. Pentsa zer izango zen plenoetan parlamentari eta zinegotziek gehiago, gehiagorekin eta gehiagoetan eginen balute euskaraz, edo Nafarroako gazteek euskaraz bizitzea hautatuko balute errebeldia jarrera gisara. Bestalde, aurreko edizioan Nafarroan 75 euskaraldia batzordeak sortu ziren ekimena antolatzeko eta 22.500 ahobizi eta belarriprest izan ginen Nafarroan zehar. Pentsa 11 egun beharrean 365 egunetan eginen bagenu.

Kike Amonarriz: “Lehen Euskaraldiak zabaldu zuen komunitate zentzua hurrengoan sendotu egin nahi dugu, eta herriz herri sortutako indar hori egonkortzen saiatuko gara. Benetan aukera ederra da Auzolanean ilusioz aritzeko eta emaitzarekin gozatzeko”.

Ana Ollo: Elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi izan du. “ Esparru guztietan bezala, ezinbestekoa zaigu lankidetza eta elkarlana euskara sustatzeko bidean” Gogoratu du duela gutxira arte, elkarlan normalizatua ezinezkoa zela “ Altxor bat konpartitzen dugu guztiok, euskara, eta horren alde egin behar dugu indarrak batuz, bizilagunak ditugun herrialdeekin, beste erakundeekin  edo euskara sustatzen duten entitateekin” Amaitzeko, aurtengo Euskaraldiak eremu digitalean ezarriko dituen berrikuntzak aipatu nahi izan ditu. “Nafarroan gazteen %25a da euskalduna eta argi erakutsi behar diegu bere eremu naturalean, teknologia eremuan, euskaraz egin dezaketeela”.

Mikel Arregi: Euskarabideako zuzendari-kudeatzaileak, aldi berean, Euskaraldiaren helburuek Euskararen Lehen Plan Estrategikoaren helburuekin bat egiten duela aipatu du “ Euskararen erabilera aktibatzea lehengo planaren helburu nagusietakoa zen. Plana amaituta bigarrenean jarriko gara lanean eta Euskaraldia bezalako ekimenekin batera, euskaraz geroz eta gehiago erabiltzearen aldeko ekintzak garatuko ditugu.

Ekitaldian Iruñerria, Baztan. Malerreka, Bortziriak, Sakana, Pirineoak, Erribera, Lizarraldea eta Iruñeko batzorde kideak egon dira.

Euskaraldia ariketa egin bitartean

  • 2019 ekaina-abendua: herri batzordeek izena emateko epea.
  • 2019ko azaroa-2020 uztaila: entitateek ariguneak identifikatu, kideen adostasuna lortu eta izena-emateko tartea.
  • 2020 iraila-2020 azaroa: belarriprest eta ahobizien izen ematea.
  • 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra EUSKARALDIA.

ZER DA ZER

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.

Belarriprest: Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

Arigunea: entitate barruan euskaraz aritzeko guneak dira; euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.

Prentsa-ohar honekin batera zabaldutako dossierrean aurkitu ahal izango dituzue Euskaraldiaren bigarren edizioan berrikuntza izango direnen gako nagusiak.

HURRENGO HITZORDUAK:

Abenduaren 2an, arratsaldez, Bilbon, Euskaraldiarekin bat egingo duten Lehen Entitateen aurkezpena egingo da.Aurkezpen prentsaurrekoan entitate horietako ordezkariek parte hartuko dute. 

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan era guztietako ekitaldiak egingo dituzte herrietako batzordeek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!