AHTaren aurkako mendi martxa, asteburu honetan

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 22a, 12:14

Datorren azaroaren 23 eta 24an Mugitu! Mugimenduak Martzilla, Erriberri eta Tafalla arteko AHTaren lan eremuetatik barna mendi martxa batera dei egiten du. Ekimen honen helburu nagusia herri hauen arteko AHTaren egitasmoa ikusaraztea eta lan horiek lurraldean eragiten ari diren kalte itzelak baieztatzea da.

"Suntsitzailea, xahutzailea eta alferrikakoa den azpiegitura eraikitzeko lan horiek, pittinka-pittinka Nafarroa suntsitzen ari dira" adierazi dute ohar batean. "Eta ez gara gu hori diogun bakarrak. Hamaika azterketa tekniko eta Europako zein Espainiko Kontu Auzitegien ebazpenek Espainiko abiadura handiko proiektua egundoko aldrebeskeriatzat jotzen dute".

"Inolako errentagarritasun sozialik ez duten eta herritarren gutxiengo batentzat soilik baliogarriak diren AHTaren lineetan diru publiko mordoa xahutzen ari da, bidaia-txartelak dirulaguntzez ordainduz, mantenu gastu ikaragarriekin eta ohiko trenaren desegitea ekarriz" dio oharrak. "Hau ulertu ahal izateko begiz jo behar dira AHTaren mafia osatzen duen eraikuntza alorreko lobbyaren presioa (hainbat enpresatako 50etik gora exekutibo auzitegien ikerketapean daude) eta herritarren interesak defendatu ordez, azpiegitura handiak, hauteskundeak irabazi, esleipenetan iruzur eginez aberastu eta ate birakariak erabiliz enpresa handietan luxuzko jubilazioak lortzeko erabiltzen dituzten zorigaiztoko politikariak".

"Urtez-urte dirauen diru publikoaren etengabeko xahuketa honek osasungintza, hezkuntza, pentsioak eta jendarte politika bezalako alor publikoetan murrizketak dakartza. Finean, AHTak haien benetako aurpegia azaleratzen du: Estatuaren zorpetzea, xahuketa, ustelkeria eta lurraldearen txikizioa".

Mugitu! taldeak adierazten du, "Eta hori guztia, larrialdi klimatikoa, baliabideen agortzea eta jendarte krisia indarrean daudela gertatzen ari da. Baina hondamendira garamatzaten makroazpiegitura hauek eta sistema sozioekonomikoa zalantzan ipini ordez, politikariek berdin jarraitzen dute: 'jasangarritasun', 'trantsizio energetikoa', 'aldaketa klimatikoaren aurkako politikak'… bezalako hitzez ahoa bete baina garapenkeria eredu berdinari eutsiz. Horregatik zur eta lur uzten gaitu Uxue Barkos larrialdi klimatikoaz hizketan entzuteak, lehendakaria zela AHTaren lanak eta bestelako makroazpiegiturak indartsu sustatu zirenean. Lotsagabekeria gaiztoa eta espero dezagun egunen batean euren erantzukizuna aitortu behar izatea".

Azkenik, "Herritarren parte hartzea eragotzi duten eta errentagarritasun azterketarik ez duen proiektu honen inposaketaren aurrean Mugitu! Mugimenduak dei egiten du azpiegitura honen lanetara egingo den datorren mendi martxan parte hartzera. AHTaren aurkako desobedientziarekin bat egin!" dei egin dute

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!