SUPek poliziak “umiliatzea” egotzi dio PSNri, oinarririk gabe

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 21a, 08:10

Espainiako Gobernuaren ordezkari sozialista Jose Luis Arasti, Katalunian izandako poliziei ongi etorria egiten. (Argazkia: Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza)

Uniformedunen sindikatuak parlamentuan sustengatu ez zuen adierazpena sustengatzea egotzi dio alderdi sozialistari

Poliziak “umiliatzea” egotzi dio Sindicato Unificado de Policial PSNri. Uniformedunen sindikatuaren arabera, PSNk Poliziaren biktimen legea garatzearen aldeko mozioa sustengatu zuen. Haatik, alderdi sozialistak horren aurka bozkatu zuen Nafarroako Parlamentuan. “PSN eta PSC independentismoarekin lerratu dira, sustengatuz muturreko alderdi independentistek Bartzelonako Udalean eta Nafarroako Parlamentuan Polizia Nazionala umiliatzen duten ekimenak”, azaldu zuen atzo SUPek ohar baten bitartez.

Astelehenean, Nafarroako Mahai eta Eledunen Batzarrak Mikel Arregiri buruzko mozio bat aztertu zuen. Arregi Lakuntzako zinegotzia zen, eta Guardia Zibilak tiroz hil zuen Etxarrin 1979an. Mozioa Geroa Baik, EH bilduk eta Ahal DUguk aurkeztu zuten. Beraz, SUPek “muturreko independentistatzat” jotzen ditu. PSNk mozioaren lehen hiru puntuen alde bozkatu zuen, baina ez ordea laugarrenaren alde, hain justu poliziaren biktimen legea garatzeko eskatzen zuena.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!