Haurren sexu abusuen prebentziorako nazioarteko egunarekin bat egin du Nafarroako Parlamentuak

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 19a, 17:36

Adingabeen telefono bat sortzeko eskatu dio Amabizia elkarteak Nafarroako Gobernuari. 

Azaroaren 19an Haurren Sexu Sbusuen Prebentziorako Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta hori dela eta parlamentariek Foru Legebiltzarrak Amabizia elkartearekin batera antolatutako ekitaldian parte hartu dute. 

Parlamentuaren atarian ospatutako ekitaldian, Rakel Arcelus Lorea Amabizia elkarteko ordezkariak manifestu bat irakurri du, zeinaren bidez ohartarazi baitu Europako Kontseiluaren datuen arabera, “5 mutikotik batek eta 3 neskatotik batek nolabaiteko sexu-indarkeria jasaten duela, eta gehienak hurbileko ingurunean gertatzen direla”.

Elkarteak prebentzioan jarri du arreta, horretarako beharrezkotzat joz “hezkuntza afektibo-sexuala adingabeentzat, familientzat eta gizartearentzat, berdintasunezko harreman osasungarriak sustatuz”. Ildo horretan, “osasun-sisteman kalitatezko artapen integrala” aldarrikatu dute, “profesionalen prestakuntza ebaluazio eta jardunerako” eta “justiziarako sarbidea erraztea”.

Bide horretan, Nafarroako Gobernuari eskatu diote “adingabeen telefono bat abiaraz dezan, konfiantza-giroan oinarrituta, haurrak babespean dagoela senti dezan eta deseroso zaizkion egoerak adierazi ahal ditzan”. Horrez gain, “haurren aldeko Hitzarmen Komunitario bat egin dadila” eskatzen da, baita “adingabeen aurkako sexu-erasoek preskripziorik izan ez dezaten lan egitea” ere, “haurren aurkako erasorik ez dagoen gizarte bat eratzeko”.

Gaur iluntzean Parlamentuaren aurrealdea berdez argiztatuko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!