Autobus geltokiaren ondoan egin dute elkarretaratzea, Baluartetik hurbil, “Ez ditugu onartzen. Gurea, euskal errepublika!” dioen pankarta batekin. Haien gibelean, Juan Carlos I, Felipe VI eta Francoren irudi handiak jarri zituzten, denak hankaz gora. Espainiako erregearen bisita salatu eta enpresarien sarien aurrean protesta egin dute. Bertan ziren besteak beste LAB sindikatuko kideak, ezker independentistako militanteak eta erregeari ongi etorria egiten ez zioten hainbat herritar. Elkarretaratzea bukatuta, kalejira txikia egin dute Catalina de Foix izena izan zuen etorbidetik, Baluarte aurreraino. Tentsio une txikiak izan dira, Espainiako bandera eta Espainiako batasunaren aldeko ikurra zeramatzaten hiru gazte aurretik pasa direnean.
Bitartean, ia hutsik zegoen plaza batetik sartu da espainiako erregea. Hamar pertsonei utzi die poliziak sartzen, haietako lauk, errepublikako bandera atera dute Borboia azaldu den unean. Poliziak banderak kendu eta Baluarteko lurrazpiko parkingera eraman ditu. Marisa de Simon, Izquierda Ezkerrako eleduna, parlamentutik irten da gazte hauei babesa ematera eta bera ere identifikatu dute poliziek.