Parlamentuak Mikel Arregiren monolitoaren aurkako erasoak arbuiatu ditu

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 19a, 08:05

Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzional bat onartu du astelehen honetan. Horretan, beharrezkotzat jotzen du “Mikel Arregiren oroimena bizirik mantentzea" eta haren "monolitoari egindako erasoak" gaitzesten ditu.

Era berean, "motibazio politikoko biktima guztien egia, justizia, aitortza eta erreparaziorako eskubidean aurrera egiteko borondatea" agertu du Nafarroako Parlamentuak, "inolako indarkeria gertakaririk ez errepikatzeko berme gisa".

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta IEk elkarrekin aurkeztu dute adierazpena, eta PSNren aldeko botoa jaso du. Navarra Sumak lehen puntuaren aurka bozkatu du -Mikel Arregiren oroitzapena bizirik mantentzeari buruzkoa-, eta hirugarrenaren aurka -biktima guztien erreparazioari buruzkoa-; monolitoari egindako erasoak arbuiatzen dituen puntuaren alde egin du, berriz, Sumak.

Adierazpenak atzera bota duten laugarren puntu bat jasotzen zuen, PSNk kontra bozkatu baitu, Navarra Sumarekin batera. Horretan, Nafarroako Parlamentuak "eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko martxoaren 26ko 16/2019 Foru Legea azkar garatu eta aplikatzeko beharra" adieraz zezala eskatzen zen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!