Nafarroaren Eguna da abenduaren 3a, eta Nafarroako Parlamentuak hainbat jarduera antolatu ditu egun hori dela eta.Unai Uhalde parlamentuko presidenteak adierazi duenez, aurtengo ospakizuna "berezia" izango da, batetik, 40 urte bete direlako Nafarroan lehen foru eta udal hauteskundeak egin zituztenetik, eta bestetik, aurten Euskaltzaindiak 100 urte bete dituelako.
Hori dela eta, hain zuzen ere, erabaki dute aurten Euskaltzaindiari emango diotela Parlamentuaren urrezko domina. Unai Hualdek nabarmendu du Nafarroako Foru Aldundia Euskaltzaindiaren sustatzaileen artean izan zela, instituzio horren lana "ezinbestekoa" dela euskara bultzatzeko eta zaintzeko, Nafarroako parlamentuak lankidetza izaten duela harekin eta Nafarroan euskaltzainak badirela. Gainera, abenduaren 3a Euskararen Eguna ere badela aintzat hartuz, egokitzat jo du une horretan Euskaltzaindia saritzea.
Ekitaldia abenduaren 2an izango da, goizeko 11:00etan, eta besteak beste, Unai Hualdek eta Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidenteak parte hartuko dute.