Noaingo aireportuari Virgilio Leret izena ematea eskatu du parlamentuak

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 15a, 08:02
Noaingo aireportua, artxiboko irudi batean
  • Hegazkin pilotu iruindarra militarra zen, eta Errepublikari leial izateagatik fusilatu egin zuten
  • Talde guztiek bozkatu dute mozioaren alde, Navarra Suma izan ezik

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak ebazpen bat onartu du ostegun honetan, eta, horren bidez, Espainiako Gobernuari eskatzen dio has ditzala beharrezko izapideak Noaingo aireportua 'Aeropuerto Virgilio Leret-Noain Pamplona' deitua izan dadin. militar iruindarra gogoan hartuta, II. Errepublikari leiala, matxinatuek Melillan hil baitzuten 1936ko uztailaren 18an.

Mozioa Geroa Baik aurkeztu du, eta talde guztien babesa jaso du, Nafarroa Sumarena izan ezik, abstenitu egin baita. PSNk aurkeztutako zuzenketa bat jasotzen du ebazpenak, atal berri bat eransteko, eta, horren bidez, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, beharrezko urratsak egin ditzala aireportuko atari nagusian monolito bat eta azalpen-plaka bat jar ditzan Virgilio Lereten figura omentzeko eta aitortzeko.

Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariak nabarmendu duenez, "Errepublikaren ordena konstituzionalari leial zaion nafar jatorriko militar espainiar bati omenaldia egitea da mozio honen helburua"; izan ere, "matxinatuek exekutatutako armadako lehen ofizialetako bat izan zen".

Navarra Sumako parlamentari Iñaki Iriartek bere taldearen abstentzioa azaldu du Virgilio Lereten bizitza ezagututa "liluratuta" geratu dela adieraziz, "gerra heroia, Afrikako gerran lau aldiz kondekoratua", baina bere buruari galdetuz ea "benetan Noaingo aireportuari izena aldatu behar diogun". "Badago eskaera sozialik? Behar praktikorik ba al dago? ", zalantzan jarri du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!