Undiano Mallencok jasoko du 2019ko Nafarroako Kirol Merituaren Urrezko Domina

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 14a, 07:53

Nafarroako Gobernuak Alberto Undiano Mallencori (Iruñea, 1973) saria ematea erabaki du, "Gure lurraldearen kirol epaileen erreferente nagusia eta nazioarte mailako adierazlerik handienetako bat izateagatik, ibilbide oparo eta eredugarriarekin".

Nafarroako Gobernuak foru dekretu bat onartu du asteazken honetan, Alberto Undiano Mallenco epaile ohiari 2019ko Foru Erkidegoko Kirol Merituaren Urrezko Domina emateko.

Saria datorren azaroaren 27an banatuko da, 12: 30ean, Nafarroako Jauregiko tronuaren aretoan, 2019ko Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldien barruan.

Undiano Mallenco futbol epailea izan da 30 urtez, 1989/90 denboralditik aurten arte, horietatik 19 urte lehen mailan eta 2004tik FIFA epailea. Gainera, bere ibilbidean hiru errekor ditu: lehen mailan epaile aritutako partida kopurua (348), lehen mailara igo den epailerik gazteena, 26 urterekin; eta Real Madrid-Fc Barcelona klasikoa gehien zuzendu duen epailea, hamar partida zuzendu dituela.

Era berean, Espainiako ordezkaria izan zen 2010eko Munduko Kopan, Hegoafrikan, non lehiaketako azken faseko hiru partida arbitratu zituen; finalerdiak eta finalak zuzendu zituen Europako hainbat txapelketatan eta maila baxuagoko munduko txapelketatan; Champions Leagueko, UEFA Kopako eta Interttotoko partidak ere arbitratu zituen; baita hiru Errege Kopa eta Espainiako hiru Superkopa ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!