Azaroaren 24an egin nahi dituzte primarioak EAko kritikoek

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 11a, 17:33

Eba Blanco hautagaiarekin buruz buru eztabaida bat egitea proposatu du Maiorga Ramirez sektore kritikoko buruak.

EAko sektore kritikoko buru Maiorga Ramirez parlamentari nafarra pozik agertu da Eba Blanco alderdiko idazkari nagusi izendatzea kautelaz bertan behera utzi dutelako, eta azaroaren 24an primarioak egingo dituztela berretsi du.

Gasteizko Lehen Auzialdiko 7 zenbakiko Epaitegiak Eba Blanco idazkari nagusi izendatzea kautelaz etetea erabaki du, sektore kritikoko lau kidek aurkeztutako demanda ebazten den bitartean; izan ere, Pello Urizarren oinordeko izateko irekitako primarioen prozesuan parte hartzeko eskubidea urratu izana salatu zuten.

Ramirezek ohar bidez adierazi duenez, ebazpen judizialak "EAren krisi demokratikoari irtenbide azkar bat ematea errazten du", "Eba Blancoren aldarrikapen bidegabea" ondoriorik gabe uzten duelako. Barne hauteskunde kanpaina "berehala" hastea eskatu du. Bi hautagaitzen arteko eztabaida bat egitea proposatu du; eta, ondoren, afiliatuek azaroaren 24an bozketa bitartez idazkari nagusia aukeratzea.

"Urrezko aukera baten aurrean gaude, hauteskunde prozesu gardena berehala martxan jartzeko, zalantzarik gabe ilusioa piztuko duena afiliazio guztiarentzat", gaineratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!