A10 Hauteskundeak

Txibite: “Nafarrek bezala, espainiarrek gobernu aurrerakoia nahi dute”

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 11a, 12:19

Txibitse, PSNren egoitzan, hauteskunde gauean, Raon Alzorrizekin eta Toni Magdalenorekin batera

Maria Txibite PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako presidenteak adierazi duenez, "sentsazio gazi-gozoa" dute, aurreko hauteskundeekin alderatuta "diputatu bat galdu dugulako" Nafarroan, nahiz eta nabarmendu duen PSOEk irabazi dituela Espainiako hauteskundeak.

Txibitek PSNren egoitzan, Sarasate pasealekuan, egindako adierazpenak dira, igandean, hauteskunde gauean. Nabarmendu du hauteskunde hauetan PSNk "aurreko hauteskundeetako ia ehuneko bera" lortu duela, baina adierazi du "hautesle nazionalisten jokabidea boto erabilgarriaren jokabidea izan dela, eta EH Bilduren eserlekua ateratzeko euren botoa pilatu" dutela.

Nafarroako presidentea PSNko prentsa aretora atera da, eta alderdiko militanteak eta karguak espero zituzten bertan, Toni Magdaleno Nafarroako senatari sozialista aukeratuarekin eta Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariarekin batera. Egoitzan izan dira, halaber, Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkaria, Chiviteren exekutiboko hainbat kontseilari, Javier Remirez presidenteordea eta legebiltzarkideak.

Txibitek azaldu duenez, espainiarrek "Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko hurrengo presidentea izatea" bozkatu dute, eta Javier Esparza Navarra Sumako bozeramailearen hitzak kritikatu ditu, "gorrotoaren diskurtsoarekin tematuta jarraitzen baitu, berak beste gobernu bat nahiago izango lukeelako, eskuindarren gobernua".

"PSOEk hirugarren aldiz jarraian irabazi ditu hauteskundeak aurten, eta espainiarrek, nafarrek bezala, gehiengoz aurrerabideko gobernu bat nahi dute, Espainiarentzat eta Nafarroarentzat", esan du, "Navarra Suma osatzen duten hiru alderdi politikoek 100.000 boto lortu dituzte, eta Nafarroako Gobernua osatzen dugun alderdi politikoek 150.000 boto baino gehiago ditugu".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!