"Pertsona askok ikusi dute EH Bilduri bozka ematea zela eraginkorrena" adierazi du Euskalerria irratian Bel Pozuetak, "eskuinari aurre egiteko Nafarroatik ahots euskaltzale, ezkertiar eta feminista beharrezkoa zen, eta lortu dugu".
Madrilen, Nafarroari begira lan eginen duela azaldu du Pozuetak, "Aldaketaren alde, bertako eragile eta alderdiekin harreman zuzena izatea nahi dut, Kongresuan esaten eta egiten denaz informatu eta harat ere, Madrilera, nafarron kezkak eta aldarrikapenak eramateko". 5 ordezkariekin, EH Bilduk talde parlamentario propioa izanen du Diputatuen Kongresuan, "Lan egiteko aukera gehiago izanen dugu horrela" adierazi du Bel Pozuetak.
Estatu Espainarraren egoeraz galdetuta, EH Bilduko diputatu berriak argi du: "Pedro Sanchezek bi aukera soilik du, edo eskuinarekin bat egin, politika atzerakoiak aplikatuz; edo ta alternatiba aurrerakoiaren alde egiten du". Zentzu horretan Pozuetak bai Euskal Herrian eta baita Katalunia eta Galizan ere, indar abertzaleek lortutako sustengua azpimarratu du, "29 diputatu izanen gara, erabakitze eskubidearen alde lan eginen dugunak".
Eskuin muturraren gorakadak kezka ere eragiten dio eta Nafarroako emaitzetaz hausnarketa ere egin du, “Hemen Navarra Sumak eskuin eta faxisten bozkak bereganatzen du”.
Atzoko gaua pozez gogoratu du Pozuetak, "buruan azken hiru urte hauetan justiziaren alde, gure semeen alde egindako lan eta borroka izan nuen uneoro" aitortu du.