“Aztertu beharko litzake zergatik herritarrei deigarria egiten zaien nazionalismoa. Madrilen izan daiteke Vox, eta hemen abertzalismoa“. Hala mintzatu da Navarra Sumako parlamentari Iñaki Iriarte Euskalerria Irratian, Vox-en Nafarroako emaitza apalez galdetu zaiolarik.
Navarra Suman hiru alderdi eskuindar elkarturik eskuineko boto guztia, eskuin muturrekoa barne, ez ote duten batzen galdegin zaio Iriarteri, eta ezezkoa izan da arrapostua: “Muturreko bozka hori Navarra Sumaren barruan dela esanen dute batzuek, baina hemen muturreko nazionalismoa beste mota bateko nazionalismora doa”.
“Irtenbide bakarra koalizio handia da”
Espainiako Gobernuaren eraketara begira, “irtenbide bakarra” koalizio handia izanen dela dio Navarra Sumako parlamentariak. “Hala uste dugu, eta hala nahi dugu”, gaineratu du. Haren ustez, koalizio horretan sartzeko "Nafarroaz hitz egitea nahitaezkoa izanen da”: “Logikoena da, konstutuzionalisten arteko akordio zabal bat, eta horren barnean, Nafarroaren auzia ere mahai gainean izan beharko litzake”.
Madrilen foru gobernuaren etorkizuna erabakitzea Nafarroa truke txanpon bihurtzea ez ote litzatekeen izanen galdetuta, ezetz erantzun du Iriartek: “Orain osatu den akordioa zilegi da, horretan EAJren eragina erabakigarria izan zen, eta orain beste itun zilegi bat egin eta osatu daiteke”.
Emaitzekin, kontent
Navarra Suma beste behin garaile atera da Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, bi diputaturekin. Emaitzekin kontent azaldu da parlamentaria: “Pittin bat hobetu gara. Hobe izanen zen hirugarrena erdiestea, baina zaila zen. Maiatzeko emaitzei begira, zenbait boto galdu ditugu, baina emaitza foraletan beti da hobea”.
Apiriletik hona 9.000 boto inguru galdu ditu koalizio eskuindarrak. Galera horren iturburua argi dakusa Iariartek: “Abstentzioa: oso egun txarra zen eta jendea desmotibaturik dago, nekaturik hauteskunde jarraikor hauekin. Hori da kausa nagusia”.