Bikotekide ohia Lodosan bahitu eta Burgosko etxe batean atxiki du gizon batek

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 8a, 11:25
Lodosa (Argazkia: Lodosa)

Emakumeak ihes egin ahal izan zuen gizonaren deskuidu bat aprobetxatuz; Poliziak atxilotu egin zuen

Burgosko Udaltzaingoko agenteek gizon bat atxilotu zuten asteartean, legez kanpoko atxiloketa-delitu baten ustezko egilea delakoan. Izan ere, bikotekide ohia bere borondatearen aurka atxiki zuen, eta Lodosatik eraman zuen autoz. Bahitzailearen deskuidu batek etxebizitzatik ihes egitea eta gertatutakoaz ohartaraztea ahalbidetu zion emakumeari.

Gizona Lodosara joan zen, eta han aurkitu zuen bikotekide ohia. Ibilgailuan sartu eta elkarrizketa bat hasteko konbentzitu zuen, baina, hitz egin beharrean, bere borondatearen kontra eutsi zion, eta Burgosko hiriburuko etxebizitza batera eraman zuen 150 kilometro baino gehiagoz, emakumearen bertsioaren arabera. Han egon ziren tarte luze batez, harik eta, dirudienez, gizona lo geratu zen arte, Diario de Burgos egunkariak atzo argitaratu zuenez.

Deskuidu une hori baliatu zuen emakumeak etxebizitzatik ihes egin eta laguntza bila joateko, eta kalera irten ondoren oinezko bat aurkitu zuen, lagundu ziona, eta agintariei abisatu zien. Udaltzaingoak deia jaso eta minutu gutxira bertaratu zen. Han zeudela, emakumeak gertatutakoa berretsi zien, eta, ondorioz, legez kanpoko atxiloketaren ustezko egilea atxilotu zuten. Ondoren, udaltzaingoaren egoitzara eraman zuten, eta han deklaratu zuten biek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!