Nafarroako ardoaren kopiak debekatuko ditu Txinak

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 7a, 14:34

EBk eta Txinak itun bat egin dute batak bestearen ehun produktu ez kopiatzeko. Tartean dago Nafarroako sor-markako ardoa.

Txinak 100 janari eta edari europar babestuko ditu. Beste horrenbeste eginen du Europar Batasunak Txinako 100 produkturekin. Atzo sinatutako akordioaren bitartez, imitazioetatik eta usurpazioetatik babestu nahi dituzte produktuak. 

Europako produktu hauek jasoko dute babesa, besteak beste: Nafarroako eta Errioxako ardo sor markak, Eskoziako eta Irlandako whiskia, koñaka, Bavariako garagardoa, Poloniako eta Suediako vodka, parmesanoa, Mantxako gazta, Stilton gazta zuria, feta, Roquefort... Bestalde, Txinako tea, arroza eta likoreak babestuko ditu Europar Batasunak. Bost urte barru zerrenda handitu ahal izango dute.

Akordioa ez da indarrean jarriko berrespena jaso arte. Prozesua 2020 amaitu aurretik bukatzea espero dute.

Nafarroako ardoa maite du Txinak

Txinara bidaltzen du Nafarroak esportatzen duen ardo kantitaterik handiena (25.142 hl). Merkatu nagusien artean, Alemania (17.449 hl), Erresuma Batua (11.788 hl), Herbeherak (7.122 hl) eta AEBk (4.844 hl) daude.

Nafarroak gehien esportatzen duen produktua ere bada ardoa. 2018an 4.427.880 eurokoa izan zen partida, eta urtetik urtera (uztailera arte) 3.322.230 eurora iritsi zen. 2018an 94.999 hl. ardo botilaratu esportatu ziren. Botilatze-esportazio guztien %69,27 ardo beltzei dagokie, %17,6 gorriei eta %12,9 zuriei.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!