Bakartxo Ruizek Nafarroako Gobernuaren egitura berriaren inguruan galdetu dio ostegun honetan Foru Gobernuari. Azaldu duenez, sailak 9tik 13ra pasatu dira Gobernu berriarekin, zuzendaritza nagusiak 21etik 32ra, zerbitzuak 104tik 118ra, atalak 346tik 398ra eta orain arte negoziatutakoak 370 ziren eta "ez dakigu zenbat izango diren, baina gehiago izango direla imajinatzen dugu",gaineratu du Ruizek.
EH Bilduko eledunak zehaztu du bere taldeak egituraren zenbaketa "nahiko zorrotza" egin duela, eta ostegun honetan aurreratu duela, "Sustoa arintzeko", oraindik Chiviteren Gobernuak ez baitu publiko eta ofizialki azaldu zenbateko gainkostua izanen den. "Ez dira datu osoak, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuaren egitura bereiztea falta delako, eta negoziatuen datua falta delako", zehaztu du.
Bakartxo Ruizek adierazi duenez, Javier Remirez presidenteordeak "duela hilabete" eman zuen zifra bat, 1,7 milioiko igoera ekar zezakeena, eta "guri 4,8 milioiko zenbaketa osoa ematen digu egitura honetan, zuk ematen zenuen kostua baino 2,8 aldiz handiagoa dena". "Legealdian 18,3 milioi suposatzen ditu", azaldu du.
Bozeramaile abertzalearen ustez, egitura berri horrek "beste interes eta banaketa mota batzuei erantzuten die", eta galdetu du ea "uste duten egitura horrek eraginkortasun irizpideei erantzuten dien". "Diru publikoa kudeatzeko erantzukizuna exijitzen dugu. Gainegitura bat sortzeko infula megalomanoan sartu da Gobernua", kritikatu du," Xahutze horrek kontratazio berriak eta langile publikoen ordainsarien igoera mugatuko ditu ".