Parlamentuak Elizaren sexu abusuen biktimen kontakizuna plazaratu du

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 7a, 10:33

Lan saioaren audio grabazioa erakundearen webgunean eskegi dute. Grabazioa hemendik jaitsi daiteke.

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak aho batez erabaki zuen astelehenean Nafarroako Ikastetxe Erlijiosoetako Abusuen Biktimen Elkartearekin egindako lan saioaren audioa argitaratzea, baina ustezko erasotzaileen datu pertsonalak "anonimizatuz”. Beraz, eskegi duten grabaziotik ezabatu egin dituzte ustez gehiegikeiak egin zituzten erlijiosoen datuok.

Asteleheneko bilkuran, Mahai eta Bozeramaileen Batzordeko kideek zerbitzu juridikoen txostenaren berri jaso zuten, biktimen elkarteak komunikabiderik gabe egindako lan saioaren edukia ezagutarazteko eskaeraren aitzinean prestaturikoa.

Ahal Dugu legebiltzar-taldeak bilkura argitaratzeko eskatu zuen, eta eskaera hori ezetsi egin zen. Hil bereko 24an, bilkuran parte hartu zutenek eta abusuen Biktimen Elkarteko presidenteak bilkura horiek argitaratzeko eskatu zuten gutun baten bidez.

Hala, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, aho batez erabaki zuen txosten juridikoan jasotako proposamena onartzea, "Ikuspuntu juridikotik irtenbide harmonikoena, zuhurrena eta zuzenena" denaren alde egiten baitu, hau da, "bilkuraren audioa Legebiltzarraren webgunean argitaratzea, aipatzen diren hirugarren pertsonen datu pertsonalak anonimizatuz, baldin eta hori posible bada. Ikuspuntu teknikotik"; izan ere," Inoiz epaitu ez diren gertaerak dira”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!