Flamenkoa eta bertsoa uztartzen dituen Gorria ikuskizuna estreinatuko dute gaur Iruñean

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 7a, 10:09

Gaur, ostegunarekin, 19:30ean, Kondestable civivoxean estreinatuko da, Bertsoaroa zikloaren eskutik, Miren Amurizaren eta Askoa Etxebarrietaren lana.

Bertsoaroa zikloak Gorria ikuskizunaren estreinaldian izanen du segida dotore-dotorea, Kondestablearen jauregiko patioan, gaur –ostegunarekin–, 19:30etik aurrera. Muntaiak, Miren Amuriza bertsolariaren eta Askoa Etxebarrieta flamenko-dantzariaren eskutik, iaz Lanku beka jaso zuen proiektua du oinarri. Saiorako sarrera librea da. Bertsoaroaren bigarren ikuskizuna izanen da; zikloa atzo hasi zen, eta azaroaren 26an amaituko da.


Gorria bi artisten elkarrizketa artistikoa da, bi adierazpenak, bertsolaritza eta flamenkoa, erabilita. Bi adierazpenek muin bera dute, sortzaileek, biek ala biek, inprobisatu beharra dutelarik. Ikuskizuna nork bere hizkuntza artistikoa erabiliz eraikiko dute aritu ahala, partekatzen dutena oinarri: kopla. Ikuskizunaren haria ehunduko dute gorriaren sinbologiari helduta (bizitza eta heriotza, arriskuak eta debekuak, zama ideologikoak, lotsak, nahiak...), eta gatazka pertsonalak zein kolektiboak jorratuko dituzte, gutxi gorabehera ordu eta laurdenez.  Hori guztia gitarra- eta perkusio-doinuez edertuko da, eta eszenaratze zainduan.
 

Miren Amurizak eta Askoa Etxebarrietak Lanku beka jaso zuten 2018an, haren bigarren edizioan, kopla eta flamenkoa uztartzeko ekimen batez, Tan takatan izenburupean. Bekari esker, Gorria proiektua garatzeko aukera izan zuten. Lanku beka izen bereko enpresak –Bertsozale Elkartearen eskutik sortuta– sustatzen du,, bai bertsolaritzari lotutako ikuskizun berriak sortzea ahalbidetzeko, bai sortzaileen elkarlana bultzatzeko.


 Protagonisten ibilbidea

Askoa Etxebarrieta Lasheras, ‘La Pulga’, lau urte zituela hasi zen ballet klasikoa ikasten. Jesús Guridi Musika Eskolan dantza-ikasgelak inauguratu zuen ikasle-belaunaldikoa da. Bertan solfeoa eta biolina ikasi zituen, eta gerora azken horren ordez perkusioari heldu zion. Ballet klasikoko ikasketak Gasteizen amaitu eta gero, prestakuntza Bilbon osatu zuen Solange Lefort-en eskutik, eta Madrilen, Víctor Ullateren Eskolan.


Flamenkoa herri-lantegi batzuen bidez ezagutu zuen, eta dantza horretako iratxoa aztertu eta hezurmamitzea erabaki zuen. Horregatik, Granadara eta Sevillara joan zen flamenkoaren iturriaren zein haren herri-hezurduraren bila, eta hainbat flamenko-ikastaro egin zituen, Isabel Bayón, Farruquito eta Juana Amayaren eskutik, besteak beste. Hamar urte baino gehiagoren buruan, bere egiten dituen teknika eta soinu aproposak aurkitzea lortu du dantzan, dantza sentimendu-unibertsaltasunaren adierazpena delarik. Hezkuntza-esparruan lantegiak, flamenko-dantzako eta -konpaseko ikastaro trinkoak eta flamenkoko hastapen-eskola orokorrak eman ditu.
 

Miren Amuriza Euskal Filologian lizentziaduna da, eta irakaslea, Mondragon Unibertsitatean. Haurrendako liburuak eta hainbat musika-taldeendako hitzak idatzi ditu, eta Argian zein Berrian kolaborazioak egin ditu.  2017an, Igartza literatur saria irabazi zuen, Paperezko txoriak proiektuagatik; eta 2018an, Askoa Etxebarrietarekin batera, Lanku beka, Gorria ikuskizun honen abiapuntua. Xabier Amuriza bertsolariaren alaba da, eta eskola arteko txapelketetan hainbat sari lortu ostean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa Nagusian 2008an lehen aldiz parte hartu eta 2010ean hirugarren postua lortu zuen. 2009tik Bertsolari Txapelketa Nagusiko edizio guztietan hartu du parte.

 

Gorria flamenco

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!