Nafarroa Orainek babesa eman dio Bel Pozuetari, EH Bilduren Kongresurako Nafarroako zerrendaburuari. Ohar bidez egin du adierazpena, Laura Perez parlamentari ohia buru duen taldeak.
Aurreko legegintzaldian Ahal Dugu taldetik banandu zen korronte politikoak estatuaren "ezegonkortasun politikoari" buruz hausnartu du oharrean, "eskuinak gobernatzea galaraztea premiazkoa" dela azpimarratuz, eta "PSOE ahultzea beharrezkoa" dela gehituz, "78ko erregimenaren erakusgarri gisa, arazoaren parte baita".
Horretarako, "sentsibilitate ezberdinetako sektoreen arteko aliantzak ehuntzearen" aldeko apustua egin dute, "programa apurtzaile batean oinarrituta, ordena bide autoritarioetatik berrezartzea modu faltsuan ixtea saihesten duten eskaera eratzaileei uko egin gabe".
Testuinguru horretan, iragarri dute igandeko hauteskundeetan Nafarroa Orain taldeko kideek ez diotela "78ko Erregimeneko alderdi bakar bati ere" botoa emango, eta konpromisoa hartu dute Bel Pozueta EH bilduko hautagaiari babesa emateko; izan ere, "Altsasu auziko biktimetako baten ama denez, bidegabekeriaren aurkako borroka sinbolizatzen du, botereen banaketarik eza eta oinarrizko eskubideen urraketa, Nafarroan azken hamarkadetako babesik jendetsuena piztu duena".
"Bere pertsonarekiko konfiantzazko botoa da" eta, "alderdikoia izan gabe", "duintasunezko eta etika politikoko boto gisa" definitu dute, "PSOEri eserlekua kentzen eta Nafarroan erabakitzeko eskubidea eta politika sozialak defendatzen lagunduko duena, gure foruen eta askatasunen jatorria baita".