Kultura eta hizkuntza aniztasuna, autodeterminazio eskubidea, bakea, demokrazia eta gisako balioak sustatzen dituztenak saritu eta aitortzen ditu urtero Coppieters Fundazioak sari honekin. Patxi Zabaleta eta Camilo Nogeira saritzea erabaki du aurten epaimahaiak. Saria emateko ekitaldia Bruselan egin dute.
40 urtez Euskal Herriko politikagintzan egindako lana azpimarratu du epaimahaiak. Herri Batasunean, Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean, Aralarren, Nafarroa Bai koalizioan eta EH Bildun egindako lana, hain zuzen. Politikan egindako ibilbideaz gain, kultura eta euskararen alde egindakoa ere aitortu nahi izan dio fundazioak. Zabaleta euskaltzain osoa da 1987az geroztik, San Fermin ikastolaren eta Arturo Campion euskaltegiaren sustatzailea izan zen eta horrez gain, idazle gisa ere hainbat lan argitaratutakoa da.