Lurraman erakusleihoa izanen du Nafarroak

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 4a, 16:33

Bizilurren baitan elkartuak diren hogeiren bat ekoizlek nafarroako hainbat produktu salduko dituzte 25.000 lagun inguru hartzen hartzen dituen ekitaldian

Zainzuriak, orburuak, pikillo piperrak, olioa, ardoa, arroza, gaztak, eztia, fruitu lehorrak,
haragia, baratxuriak edo patxarana izanen dira asteburu honetan Lurrama nekazal
azokan salduko diren Nafarroako berta-bertakoak diren zenbait produktu, Miarritzeko
Irati gelan hain zuzen ere.

14. urtez ospatuko den azoka honetan “agroekologiaren eta jendarte ekonomiaren
ikuspuntutik lurrarekin eta beren herriekin konpromisoa duten ekoizleen” lana
erakutsiko da, Aritz Ganboa, Bizilurreko lehendakari ordeak azaldu duenez. Hogeiren
bat ekoizle nafarren partehartzearen bidez “erakusteko harro gauden errealitate anitz
eta aberatsa ordezkatu behar dugu”, gehitu du.

Bere aldetik, EHNE-Nafarroako Imanol Ibero lehendakariak, Lurrama “nekazalgotik bizi
diren nekazariendako errenta duinez gain paisaiaren zaintzea, lurren aberastea,
karbonoaren bahitzea, nekazal jarduerei lotutako herri txikiei bizirik eustea, eta
jendartearendako kalitatezko elikagaiak ekoiztea bezalako albo ondorio positiboak
dituen nekazal eredua” defendatzen duen eremua dela azpimarratu du.

Azokan Nafarroako ordezkaritza instituzionala izanen da Juan Manuel Intxaurrandieta,
INTIAko gerentearen bitartez, erakunde honek buru belarri lagundu eta erraztu du
nafarroako ekoizleak Lurraman egotea, azpiegitura eta salmenta sarea eskeiniz.

Era berean Itziar Gomez Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak Lurramari eskertu
dio Nafarroa hautatu izana lurralde gonbidatu gisa, “gure produktu eta ekoizleentzat
erakusleiho den heinean bizitzeko modu bat baitu atzean”. Gure kontsumo ereduari
buruz eta bertako produktuak kontsumitzearen garrantziari buruz gogoeta eginarazi
behar diguten azokak dira. Bertako produktuak erosiz gure ingurua zaintzen eta
negutegi efektuko gasak murrizten laguntzen dugu, lekuko ekonomia sustatzen dugu
eta landa eremuetan biztanlez hustearen aurka borrokan ari diren herriei eusten
diegu.

Nafarroako ekoizpenen azokaz gain, Lurramak antolatu ditu erakusketak, jarduera
gastronomikoak, eskolendako tailerrak, hitzaldiak, animazioak eta aurten batez ere
klima aldaketaren aurkako borrokan jarri du arreta. Iker Elosegi, azoka antolatu duen
Euskal Herriko Laborantza Ganbarako ordezkariak adierazi du “nekazaritza da arazo
honen sortzaileetariko bat, baina aldi berean nekazariak dira arazo honen lehenengo
pairatzaileak”. Frantziar estatukoa ez den eskualde bat gonbidatu den lehenengo aldia
dela nabarmendu du, “baina hurbileko lurraldeak gonbidatzeko gogo bizia genuen eta
hain erantzun pozgarria izan duen Nafarroa izatea bururatu zitzaigun”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!