Henar Etxeberria (nutrizionista): "Behobia aurretik, pastaz gain barazkiz, haragiz eta frutaz bete behar dugu gorputzeko depositoa"

Euskalerria Irratia 2019ko aza. 4a, 08:45

Behobia Donostia herri lasterketa handiaren atarian, korrikalarien prestaketari heldu diogu Euskalerria Irratiko Metropoli Foralean. Henar Etxeberria kirolarien nutrizionistak hainbat mito desmuntatu eta gomendio interesgarriak eman dizkigu. Igandean pattalaldirik ez izateko gakoa, astean zehar depositoak ongi betetzea eta egunean bertan hidratazioa ez ahaztea izanen da.

"Makarroiena mito bat da" azaldu du Metropoli Foralean Henar Etxeberriak, "hidratoak beharrezkoak dira baina makarraoi gaindosia egitea ez da gomendagarria. Behobia aurreko astean garrantzitsua da depositoak ongi betetzea, arroza, pasta noski baina barazkiak, haragia eta fruta ezin ditugu ahaztu".

Lasterketan bertan, hidratazioari berebiziko garrantzia eman dio Henar Etxeberria nutrizionistak, "Lasterketa luzea da, denbora asko egonen gara gorputzari ariketa eskatzen beraz etengabe edan behar dugu" azaldu du "Ezin ditugu pasatzen utzi antolakuntzak eskeintzen dizkigun edari postuak". Eta behin helmugara helduta, gorputzak pintxoak eskatzen badizkigu ere, errekuperaketa ona egiteko, karbohidratoen eta berriz ere, likidoen garrantzia azpimarratu du Etxeberriak.

Bukaeran gomendioa luzatu die Behobia Donostian arituko diren korrikalariei: "Gozatu lasterketaz, gozatu giroaz, baina gelditu behar bazara, ez izan dudarik, gorputzak ezin duenean, gelditzea da onena".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!