Hauteskunde kanpainaren hasiera ordu ofizialari aurreratuz, ekitaldia egin du Euskal Herria Bilduk gaur goizean, Iruñean. Hego Euskal Herriko Kongresurako eta Senaturako hautagaiek lagunduta mintzatu da Bel Pozueta Kongresurako Nafarroako zerrendaburua. Madrilera “herritar guztien eskubideak defendatzera” joango direla adierazi du, eta han autogobernua eta burujabetza, eta politika sozialak eta feministak bultzatuko dituela.
EH Bilduk azaroaren 10eko hauteskundeetarako duen erronka nagusienetako bat Nafarroatik eserleku bat lortzea dela nabarmendu dute ekitaldian, apirileko hauteskundeetan Bel Pozueta 408 botora geratu baitzen. Oraingoan, berriz, lortzeko "aukera errealak" dituztela nabarmendu dute, eta Pozuetak berak ziurtatu du bere burua kongresuan ikusten duela, eta prest dagoela horretarako. "Madrilen ez gaituzte entzun nahi, baina entzun beharko gaituzte".
Halaber, han "Altsasuko auziaren eta beste injustizien kontrako borrokaren aurpegia" izateko helburua duela esan du.
Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako hautagaia ere mintzatu da gaurkoan, eta adierazi du beharrezkoa dela EH Bilduren eta soberanisten ahotsa kongresura eramatea, estatua jasaten ari den "egiturazko krisiaren" ondorioz ematen ari den "inboluzio demokratikoari" aurre egiteko. "Kongresuan eta Senatuan argi entzun behar da Euskal Herriko jendeak zer nahi duen; zenbat eta ezkerreko subiranista gehiago izan Madrilen, orduan eta hobeto defendatuko ditugu interes horiek", gaineratu du.