Iruñean Altsasu auziaren epaiaren aurkako elkarretaratze jendetsua egin eta lau egunera, Navarra Suma eskandalizatuta agertu da, Nafarroako Ospitalean Altsasu eta proces auzietako epaien aurkako kartelak azaldu direlako.
Navarra Sumaren talde parlamentarioak kritikatu egin du ohar baten bidez ELA, LAB, Steilas, ESK, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuek kartelak jarri dituztela Nafarroako Ospitale Gunean, Altsasu eta proces auzietako zigortuei babesa emateko.
Navarra Sumaren jarrera ezohikotzat jo daiteke; izan ere, guztiz ohikoa da ospitaleetan eta Administrazioaren beste hainbat eraikinetan molde horretako kartelak ikustea. Koalizio eskuindarrak kartelok "propaganda nazionalista" dela salatu du..
"Haurren larrialdietatik hurbil"
Nafarroa Sumaren agiriak gaitzetsi egin du kartelek "12 egun baino gehiago daramatzatela ospitaleko aldageletarako sarreran, haurren larrialdietako irteeratik gertu, informazio sindikalerako erreserbatuta ez dagoen leku batean".
Horregatik, kartelak "berehala" kentzeko exijitu du Nafarroa Sumak. Gainera, Legebiltzarrean idatzizko galdera bat erregistratu du, jakiteko "zergatik eman duten 12 egun baino gehiagotan kartel horiek baimenik gabeko leku batean egotea”".