Biharko deitu du Nafarroa Gobernuak, aldaketaren legegintzaldian bertan behera utzitako entitatearen bilerara. UGT, CCOO eta Enpresarien Konfederazioak, galdu zuten protagonismoa eta batez ere finantziazioa berreskuratuko dute horrela.
ELA sindikatuak ez du Nafarroako Enplegu zerbitzuan parte hartuko, hain zuzen, bertan hartzen diren erabakiek Gizarte Elkarrizketarako Kontseilutik pasa behar direlako, eta honek izanen duelako azken hitza. Zentzu horretan, ELAk kritikatu egin du aurreko txiringitoak kritikatu bainan beren izaera berresten duten bilkuretan parte hartzea.
Gizarte Elkarrizketarako Kontseilua UPNren garaian sortu zuen Miguel Sanz presidenteak, UGT, CCOO, Enpresarien Konfederazioa eta Gobernuaren beraren parte hartzearekin. Bake soziala adostearen aitzakiarekin, sindikatu hauen finantziazio zuzena baliatzeko entitatea izan zen urteetan. Gerora argitu den bezala, formakuntzarako behar ziren diru-laguntzak, sindikatuko zuzendaritzako kideen soldatak ordaintzeko erabiltzen ziren. ELAk eredu publikoaren aldarria egin du, langileen formakuntza sindikatuei lotutako akademia pribatuetan utzi beharrean, Nafarroako Gobernuko hezkuntza arlotik egin dadila proposatu dute.