Pentsionistek osatutako publikoaren aurrean noski, pentsioak igo behar direla onartu eta iragarri dute alderdi guztietako ordezkariek, nola egin ordea eragin du banaketa. Sistemaren jasangarritasuna ezbaian jarri du Navarra Sumako hautagaia den Sergio Sayasek eta, zehazki zeintzuk aipatu gabe, alternatibak bilatu behar direla adierazi du. Erantzun zuzena eman dio Ahal Duguko senaturako zerrendaburuak, Neniques Roldanek. Izua zabaltzeko mezu guzti horien artean, pentsio pribatuak eta bankuen interesak daudela salatu du. Alderdi Sozialistako Tony Magdalenok senatoregaiak egungo sistema ere ezbaian jarri du, baina pentsioak bermatzeko alor pribatura jo beharrean, zerga finantzieroen igoera bitartez egitea proposatu du.
Pentsio sistemaren jasangarritasuna ez da sistemaren beraren eta egungo gizartearen bilakaeraren arazoa, azpimarratu dute bai Geroa Baik eta baita EH Bilduk ere. Bi alderdietako ordezkariek, Madrilek pentsioen kutxan eskua behin ta berriz sartzea salatu dute, pentsioen etorkizunaren mehatxu nagusi moduan. “Arazoa ez dago populazioaren hazkundean, arazoa behin ta berriz bestelako interesak ordaintzeko pentsioen kutxa hutsu duten horietan dago” adierazi du Geroa Baiko hautagaia den Maria Solanak. Zentzu berean mintzatu da EH Bilduko Bakartxo Ruiz, “Denok badakigu nori ez diogun botea eramaten utzi behar. EH Bildun argi dugu ez dugula nahi, behin ta berriz bankuen erreskatea edo ta sektore pribatua laguntzeko, pentsioen kutxan eskua sartu duten horiek gure etorkizuna kudeatzea”. Bi alderdiek, Nafarroatik zuzendutako sistema defendatu dute.EH Bilduko eledunak, pentsio sistemaren autofinantziazioa zalantzan jarri du eta aurrekontuen bitartez, pentsioen kutxa handitzea ere proposatu du.