Aurtengo edizioko kartela osagai aniztasunaren ideia horrekin lotuta egongo da. Oier Zuñiga (Iruñea, 1986) artista da irudiaren egilea, eta, azaldu duenez, Azoka unibertso propio eta berezi bat da. "Durangoko Azokan hamaika dira batzen diren emozio, esperientzia eta bizipenak. Nor bera, bere izatetik murgiltzen da euskal sorkuntzaren plaza honetan. Gutako bakoitza, ideia edo inpultso ezberdinek mugituak lotzen gara azokaren unibertsora. Molekula txikienetik, masa handienera denon lotuneetan dago gakoa".
Kartelak lau zati bereizten ditu, eta bakoitzak Azokako ezaugarri bati erreferentzia egiten dio: burua (sormena), bularra (zabaldu-erakutsi), gerria (hartu eta eman) eta hankak (akzioa eta mugimendua). Baina ekosistema horretan, dena dago lotuta, konektatuta: "Azoka osorik DA!, ekosistemaren trantsizio guztiek osatzen dutena DA! Gu geu osatzen gaituena. Guk geuk osatzen duguna. Sortu, zabaldu, eman eta gozatu!".
Zuñiga pozik agertu da Durangoko Azokako kartela egiteko aukera izateagatik: "Euskal Herriko kultur sorkuntzak duen erakuslehiorik handiena da Durangoko Azoka eta honek ardura pixka bat sortu zidan. Hala ere, segituan jarri nintzen lanean, nire errealitatetik, nire testuingurutik, ardura horri behar duen lekua eginda baina bidearen oztopo jarri gabe. Horrela ulertzen baitut nik sorkuntza, leku berrien bila etengabean, zarenetik, ordu arte ibilitakoa kontuan hartuz eta nire behatze dorre txikitik ekarpena eginez".
Artista iruindarrak oso lotura estua du kulturaren plazarekin. "Txikitan hasi zen nire harremana Azokarekin, gure belaunaldiko askok bezala. Ikastolarekin lehen bidaiak, gerora lagun arteko planean bilakatu ziren. Batzuetan argi izanda zer eskuratu nahi genuen; besteetan aldiz, parranda egiteko, hau edo bestea ikusteko edo elkartzeko asmo xumearekin. Gustatzen zait azokan sortzen den 'mikro-klima'. Denok ezberdin eta ezezagun, baina konplize aldi berean. Aurtengoa berezia bai, baina beste urte batzuetako planetatik oso urrun ez naiz ibiliko".
Iazko ildoari jarraitu dio aurten Gerediaga elkarteak kartelaren aukeraketari dagokionez. Iaz arte, ibilbide luzeko artistek egiten zuten Azokako kartela, baina 2018. urtean sortzaile berriek hartu zuten lekukoa (iaz Txakur Gorria sormen kolektiboa izan zen). Aurten, beraz, bigarrenez sortzaile berri batek egin du Azokako afixa.