Altsasuko gazteetako batek, Iñaki Abadek, hirugarren gradua eskatuko du

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 29a, 08:58

  • Hala zabaldu du Europa Press albiste agentziak.
  • Espetxeak gehienez bi hilabeteko epea du eskaera horri erantzuteko.
  • Zigorraren laurdena beterik dutenez, Altsasuko zortzi gazteek baimenak eska ditzakete.

Iñaki Abadek, Altsasuko gazteetako batek, hirugarren gradua eskatuko du jada, Auzitegi Gorenak zigorra 6 urtetik 3 urte eta erdira jaitsi ostean.

Iturri juridikoek jakitera eman dutenez, Gorenaren epaia dagoeneko jakinarazi diote jatorrizko epaia eman zuen auzitegiari, hau da, Auzitegi Nazionalari, eta Iñaki Abadek zigorra betetzen ari den espetxera eraman du, gradua berriro sailkatzeko.

Espetxeak gehienez ere bi hilabeteko epea du izapide hori egiteko, eta epe horretan zehaztu behar da bigarren graduan sailkatuta jarraituko duen (preso arruntentzat ohikoa dena) edo hirugarren graduan aurrera egiten duen (erregimen irekia: eguna kalean eta gaua espetxean).

Hirugarren gradu horretara iritsi ohi dira dagoeneko zigorraren erdia bete duten presoak. Iñaki Abadi minimo horretara iristeko lau hilabete falta zaizkion arren, bere defentsako iturriek adierazi dutenez, gazteak orain eskatuko du espetxeko zuzendaritzak zehaztuko duen graduaren birsailkapena.

Iñaki Abad ez da Gorenaren epaiaren ostean hasierako zigorra murriztuta ikusi zuen bakarra. Izan ere, duela hiru urte espetxeratutako Altsasuko zortzi gazteei jarritako zigor guztiak jaitsi egin zituzten, auzitegi gorenak zehaztu baitzuen zigorrei ez zaiela aplikatu behar gorrotoaren astungarria, ezta nagusitasunaren abusua ere, agintaritzaren aurkako atentatu delituaren kasuan.

Guztiek eska ditzakete baimenak

Espetxean dauden Altsasuko zazpi gazteek — Ainara Urkijo bakarrik libratu zen espetxera, urte eta erdiko zigorra eta aurrekaririk ez edukitzeagatik — dagoeneko laurdena bete dute, eta, beraz, guztiak has daitezke irteera-baimenak eskatzen; baimen horiek, gehienez ere, 36 egunekoak izan daitezke urtean.

Haiek hala eskatzen dutenean, kartzelako tratamendu-batzordeak egingo du banakako ebaluazioa, eta baimenak onartu edo ukatuko ditu. Eskaera atzera botatzen badute, zigortuek beraiek Espetxe Zaintzako epailearengana jo dezakete, eta hark bere balorazioa egingo luke orduan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!