Apustu etxeen publizitatea elastikotik kentzeko aukera aztertuko du Osasunak

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 28a, 07:57

Kirolbet apustu etxearekn babesletza-kontratua bertan behera uzteko aukera aztertuko du Osasunako presidente Luis Sabalzak, bazkideek hala eskatuta. 2021 urtera arte dute sinatuta akordioa, baina bazkideek ez dute ikusi nahi apustu etxerik elastiko gorrian.

Osasunaren atzoko batzar orokorrean, eztabaidagai nagusi bihurtu zen apustu etxeen publizitatea. Duela zenbait hilabete, talde gorritxoak elastikoan daraman apustu etxearen publizitatearen aurkako mezuak zabaltzen hasi ziren bazkideen artean, sare sozialetan. Eztabaida Osasunaren batzar orokorrera heldu zen. Behin eta berriz, Kirolbet apustu etxearekin duen babesletza akordioaz galdetu zioten Sabalza presidenteari. Zuzendaritzak, giroa ikusita, kontratuaren bukaera planteatzeko bilera iragarri zuen apustu etxearekin. Luis Sabalza presidenteak oroitarazi zuen kontratua 2021ra arte lotzen dituela taldeak eta apustu etxeak. “Harremana berehalako moztea planteatzen badiegu, kalte-ordaina ordaindu beharko diogu Kirolbeti”.

Osasunako beheko kategorietako elastikoek Kirolbeten publizitatea bularrean ez daramatela ere azaldu zuen zuzendaritzak. Gainera, hurrengo denboraldian, bazkideek gorritxoen jantziak publizitate markarik gabe erosteko aukera izango dutela aurreratu zuen.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!