"Epaitegi Gorenaren ebazpena kolpe gogorra izan da" aitortu dute Gotzon eta Antton, Altsasuko Gurasoek, "baina segituan hasi gara aurrera begira, eman beharreko hurrengo pausoetan pentsatzen. Injustizian borrokatzen ohitu gara dagoeneko". Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan aurretik duten lana eta egoera berriaz mintzatu dira Antton eta Gotzon. "Gazteak ongi daude, indartsu eta egoera berrira moldatzen" azaldu dute, "epaia irmoa den momentutik, gradu aldaketa, baimenak...eskatu daitezke. 1076 egun eman dituzte jadanik kartzelan".
Hiru urte hauen krudelkeria azpimarratu dute Altsasuko Gurasoek "gazte garaia galtzen ari dira, ikasketak, bikotekideak...eta oso gutxitan hitz egin dugu etxean aiton amonek pairatzen dutena. Kezkatuta eta triste, libre izan aurretik hilko ote diren galdezka...hori oso gogorra da".
Larunbatean Altsasuko gazte, beren guraso eta senitartekoei duintasunaren besarkada emanen zaie, arratsaldeko 17:00etan Iruñeko auzitegiaren aurrean deitu den elkarretaratze erraldoian. Goizean goiz, Altsasutik bizikleta martxa irtengo da, Sakanatik herriz herri bizilagunak jasoz eta Iruñeraino aldarrikapena eramanez. Arratsaldeko 16:30ean harrera eginen zaie Antoniutti parkean.