Elma Saiz Ogasun kontseilariak deflaktazioa aplikatuko duela iragarri zuen atzo, Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran. Saizen arabera, deflaktazioaren bidez “KPIaren hazkundeak ez du zergadunen erosmen ahalmena kaltetuko”.
Zergadun bati KPIaren arabera errenta gaurkotzen zaiolarik –soldatetan, pentsioetan…– horrek eragiten badu beste grabamen tarte batean sartzea –eta hartara tipo handiagoak ordaindu behar izatea–, deflaktazioaren bidez tarte igoera hori baliorik gabe geratzen da.
Geroa Baiko eledun Koldo Martinezek atzoko bilkuran Saiz kontseilariari egotzi zion deflaktazioa iragartzea gobernu kideekin aldez aurretik adostu gabe, eta neurriak Foru Ogasunaren diru sarreretan zein nolako eragina edukiko duen aldez aurretik kalkulatu gabe: “Gobernuak aldez aurretik kalkulatu beharko luke horrek zer naolako eragina izanen duen zerbitzu publikoetan”, esan zuen. Geroa Baik dio SAizek osoko bilkura hasi baino ordu bete lehenago jaso zuela neurriaren berria, 8:15ean hain zuzen ere.
Navarra Sumarengana hurbiltzen?
Zer egon daitekeen horren gibelean? PSN behin eta berriz esaten ari da 50 parlamentariekin negoziatuko dituela aurrekontuak. Eta deflaktazioan PSNren Navarra Sumarengana hurbiltzeko maniobra dakusa Geroa Baik. Beste datu bat: UGTk eta CCOO sindikatuek begi onez ikusi dute Saizen iragarpena.
Deflaktazioa ez zen 2009 urtetik aplikatzen Nafarroan; izan ere, ordutik Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) oso gutxi hazi da foru erkidegoan. Are gehiago, zenbaitetan hazkunde negatiboa izan du.