"Demokrazia defendatzeko" Bartzelonako manifestazioarekin bat egin du UPNk

Euskalerria Irratia 2019ko urr. 24a, 13:46

Argazkia: Societat Civil Catalana

"Nafarroako gizarte zibila" protestaldian parte hartzera deitu du alderdi erregionalistak

"Demokraziaren eta Konstituzioaren defentsan" Societat Civil Catalanak (SCC) Bartzelonan deitu duen manifestazioan parte hartuko du UPNk igandean, urriaren 27arekin.

Gogoratzekoa da SCCk antolaturiko aurreo manifestazioetan eskuin muturreko miitanteek parte hartu izan dutela, hainbat hedabidek salatu dutenez.

Ohar batean, erregionalistek gaitzetsi egin dituzte Auzitegi Gorenaren epaia ezagutu zenetik Katalunian izandako indarkeriazko ekintzak, eta, aldi berean, Estatuko Segurtasun Indarrei babesa agertu diete, eta zaurituak "lehenbailehen" sendatzea opa diete.

UPNren ustez, "frogatuta geratu da independentismoak eta nazionalismoak elkarbizitzaren hausturaren sinonimo direla, eta ikuspegi guztietatik pobretzen dituztela gizarteak". Halaber, "indar konstituzionalista guztien batasuna" eskatu du, "Espainia hautsi nahi duten alderdiei aurre egiteko".

Azkenik, erregionalistek igandeko manifestazioan parte hartzera deitu dute gizarte zibila. "Gehiengo handi bat gara Katalunian gertatzen ari dena partekatzen ez dugunak eta bizikidetzaren eta zuzenbide estatuaren alde egiten dugunak. Demokraziaren oinarria legea errespetatzea da, eta inor ez dago horren gainetik ", ondorioztatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!