Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteak Francisco Franco diktadorea Eroritakoen Haranetik atera izana ospatu du, baina "40 urte berandu" iritsi dela uste du. Elkarteak agiri batean azaldu duenez, ehorzketa hori "irain argia zen euren erabakiengatik eraildako milaka errepublikarrentzat".
Horrez gain, "Frankismoa goraipatzen duten aipamen edo sinbolo guztiak kentzeko" eskatu die elkarteak gobernu, toki erakunde eta erakunde pribatuei: "Nafarroan 3.450 pertsona hil zituen erregimen bat da", nabarmendu du.
Elkartearen arabera, “gizartearen zati handi baten ustez diktadorea hobitik ateratzea alferrikakoa izan daiteke". "Baina guk, frankismoak sarraskitu zuen jende haren senideek, esaten dugu demokrazia sendo bat ezin dela eraiki, frankismoa behin betiko deslegitimatu gabe".
"Diktadorea Erorien Bailaran mantentzea anomalia demokratikoa izateaz gain, beharrezkoa ez den eta mingarria den oroitzapen krudela da", adierazi du erakundeak, eta orain "trantsizioan egin ez zena berregitea" dagokiela azpimarratu du, eta horregatik "garrantzitsua da Franco hobitik ateratzea, egiteke dagoen zeregin garrantzitsu bati aurre egiten diolako".